Biolina jotzen birtuosoa da Ara Malikian (Libano, 1968), eta bere abildade musikalak antzoki ospetsuenetan aireratu ditu. Berean handia da, baina xumea handitasun horren barruan. Gaur (martxoak 18), 20:00etatik aurrera, Zarauzko Modelo aretoa bezalako oholtza apala ikusgarri bihurtuko du, Fernando Egozcue gitarrista argentinarraren konpainian. Bikoteak
Con los ojos cerrados diskoa aurkeztuko du, boskote formatuan.
Begiak itxita entzutekoa al da zuen emanaldia?
Ez, inolaz ere ez. Diskoaren izenburua baino ez da, eta kontzertu birak besterik gabe izenburu bera hartu du. Entzuteko ez ezik, ikusteko ere badira zuzeneko emanaldiak. Animo egoera bat baino gehiago da, eta ez da derrigorrezkoa begiak ixtea.
Musikan maisu izateaz gain, eszenaratze indartsua duzue.
Musikak asko betetzen gaituenez, guztia ematen dugu oholtza gainean. Edonola ere, argi utzi behar dut ez dela prestatutako ikuskizun bat, Pagagnini izan zen bezala, baizik eta kontzertu bat jotzen dugu arimarekin, gorputzarekin eta ahal dugunarekin.
Con los ojos cerrados diskoa aurkeztuko duzue zuzenean. Musika klasikoa baino harago al doa?
Bai, zalantzarik gabe. Fernando Egozcuek konposatutako abestiak jotzen ditugu, eta haren musikak askotariko sustraiak ditu. Argentinarra denez, hango ukitu handiak ditu, tangoaren eta Astor Piazzolaren eragina, baina baita jazzarena eta rockarena ere. Jakina, musika klasikoak ere bere tartea du. Nik, nire aldetik ere, nire eraginak txertatzen ditut. Oro har, Egozcuek biolinaren presentzia kontuan hartuta konposatu zituen abestiak. Hori horrela, oso gustura eta eroso sentitzen naiz jotzen ditudanean. Denbora tarte bat badaramagu errepertorio honekin, eta jendearengana iristen dela konturatu gara. Ongi funtzionatzen duela, alegia.
Nola sortu zen Egozcue eta zure arteko sinbiosi artistikoa?
Duela ia 20 urtetik ezagutzen dugu elkar. Hainbat taldetan jo dugu batera, eta urte hauetan guztietan ez dugu elkarlana eten. Esan genezake musikalki batera joan garela hazten, eta oso polita da halako adiskide bat edukitzea. Ara Malikian & Fernando Egozcue Quinteto bezala
Lejos (2007) diskoa argitaratu genuen aurrena, eta ondoren
Con los ojos cerrados (2011) etorri zen. Egozcueren abestiak jotzen hasi ginen, horiekin lanean, eta bi disko horiek etorri ziren. Diskoak egitea ongi dago, baina guretzat garrantzia handiagoa dute zuzenekoek. Kontzertuak asko zaintzen ditugu, eta, azkenean, zuzenean jotzea da gehien gustatzen zaiguna. Esentzia zuzenekoetan dago.
Zarauzko emanaldian ere boskote gisa ariko al zarete?
Gu biokin batera beste hiru musikari handi ariko dira: Miguel Rodrigañez kontrabaxu-jotzailea, Moises P. Sanchez piano-jotzailea eta Martin Bruhn perkusio-jotzailea. Hasieratik ezagutzen ditugu, eta makina bat aldiz egin dugu lan elkarrekin. Luxuzko bidaideak dira, zalantzarik gabe. Lagunarteko taldea osatzen dugu, eta gure artean dagoen energia on hori ikusleari helarazten diogu.
Azkeneko aldiz 2011n izan zinen Zarautzen...
Zarautzen hainbat alditan izan naiz, eta oso oroitzapen ederrak gordetzen ditut, leku zoragarria delako. Alde horretatik, itzultzeko ilusioz nago. Ez naiz gogoratzen azkenekoz zein proiekturekin joan nintzen; Parrokian izan zela dut gogoan... Nolanahi ere, duela hiru urte pasatxo izan bazen, ziur beste errepertorio bat izango zela. Aurrera goazen heinean, gauzak ere aldatzen goaz.
Zure kasuan, normalean musika klasikoa entzuten ez duen jendea erakarri duzu zure emanaldietara.
Alde horretatik, biziki eskertzen dut jendearen erantzuna; izan ere, berdin-berdin etortzen dira dela programa klasikoa dudanean, dela proposamen ezagunagoak ditudanean. Zorionekoa naiz, egia esan. Horrek garbi uzten du musika klasikoak ez duela publikoa uxatzen; hau da, mundu guztiak entzun dezakeela musika klasikoa. Ez da ulertu behar, baizik eta gozatu egin behar da.
Baina, ez duzu uste musika klasikoak agian egun bizi dugun garaira moldatu beharko lukeela?
Musika klasikoak ez du behar inolako apaingarririk publiko guztiarengana iritsi ahal izateko. Agian, musikari klasikook jarrera urruna, harroa eta handiustekoa erakusten dugu, eta horrek publikoaren zati handi bat uxatzen duela uste dut. Baina oinak lurrean jartzen baditugu, eta jende arrunta bezala aurkeztuko bagina, jende gehiagorengana iritsiko ginateke.
Zu kaleko arroparekin igotzen zara oholtza gainera, esaterako.
Ez dakit kaleko arropa den, baina argi dago ez naizela mozorrotzen. Ez naiz eroso sentitzen esmokina soinean dudanean. Artistak oholtza gainera igotzen denean bera den bezala agertu behar du. Bere izaera ahalik eta gehien islatu behar du, bere interpretazioarekin eta emozioekin zintzoa izan dadin. Esmokin bat jantziko banu, ez nintzateke gustura ariko, eta ondorioz, nire benetako izaera ezkutatuko nukeela iruditzen zait. Nire burua ahalik eta modu naturalean aurkeztea gustuko dut.
Zure gremioko musikariek begi onez ikusten al dute egiten duzuna?
Nik uste dut baietz. Maitasun eta mimo handiz lantzen ditut nire proiektuak, eta jarraitu beharreko bide bezala ikusten dutela esango nuke. Hasieran arraroa egiten zitzaien egiten nuena, baina ez dut uste kexatzeko daudenik. Gure proiektuekin, jende gaztea edo musika klasikoa entzutera joaten ez dena animatuarazten ditugu genero honetara, eta, alde horretatik, bultzada bat ematen ari gatzaio. Gainera, krisiak ere eragin zuzena du musika klasikoan, eta diru laguntzarik gabe nekez jarrai dezake aurrera, behar adina publiko erakartzen ez duelako. Hain justu ere, hori guztia ekiditeko jendea musika klasikoan zaletu behar dugu.