Getariako Menditxoko bizilagunak ostiralean etxera itzuliko dira, «lanak ondo badoaz»

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko martxoaren 18a

Iazko maiatzean Getariako Iribarrena kaleko Menditxo etxeko bizilagunek beren etxeak utzi behar izan zituzten, etxe azpiko labarraren zati bat behera erori zelako. Hamar hilabete egin dituzte euren etxeetatik kanpo. Igandean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolaketa sailburu Ana Oregik esan zuen, ostiralean etxera bueltatzea izango dutela bizilagunek. Urola Kostako Hitza-k Getariako alkate Nikanor Lertxundirekin hitz egin du, eta alkateak azaldu du «lanak ondo badoaz» ostiralean bizilagunek euren etxeetara itzultzeko aukera izango dutela. Dena den, zehaztu du Eusko Jaurlaritzak emandako albisteak «ezustean» hartu dituela udaleko ordezkariak. «Lanen martxa ikusita bizilagunak martxoaren 21erako beren etxeetara itzuli zitezkeela pentsatzen genuen, baina oraindik ez genuen berrespena, eta bizilagunekin hitz egin gabe geunden», azaldu du. Horregatik, datozen egunetan bizilagunekin bilduko da Getariako Udala egoeraren berri emateko. Prozesu luzea Menditxoko etxebizitzen auzia denboran luzatu dela aitortu dute erakundeek. «Prozesua konplexua izan da, hainbat zailtasun izan baitugu. Dena dela, maiatzean ezbeharra gertatu zenetik, ate asko jo eta bide asko jorratu behar izan ditu Udalak, eta pixkanaka lortu dugu arazoari konponbidea ematea», adierazi du Lertxundik. Izan ere, hainbat hilabetetan zehar labarraren egonkortze lanen ardura zeini zegokion negoziatzen aritu ziren erakundeak, eta azkenean Getariako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Ingurumen Ministerioaren artean finantziatu dute lana. Duela hiru hilabete abiatu zituen Geotunel enpresak labarra egonkortzeko lanak, hiru zatitan banatuta. Lehen hiru hilabeteetan lehenengo zatian aritu dira lanean, eta atzo hasi ziren bigarren zatiarekin. Hauetan, labarreko bloke ezegonkorrak egonkortu dituzte hormigoizko horma baten bidez. Hori labarrera kateatu dute torloju, sare eta kableen bidez. Lanek 375.000 euroko kostua izan dute. «Hiru hilabete hauetan egin dituzten lanekin bizilagunen segurtasuna bermatzea lortu dugu, baina oraindik ere langileek lanean jarraituko dute, asko falta baita arazoa behin betiko konpontzeko», azaldu du Nikanor Lertxundik Getariako alkateak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide