Iñaki Iturain –Orio, 1956– liburu bat idazten ari da 1936ko gerrak Orion izan zuen eraginaren inguruan. Herritarren istorioak jasotzen ditu liburuak, hortaz, oriotarren ekarpenak jasotzeko bilera irekia egin zuen martxoaren 6an.
Karkarako erreportaje batetik hasi zen guztia
Jakes Etxeberriarekin batera gerraren inguruko erreportajea egin zuen Iturainek Karkara aldizkarirako. Informazio asko eskuratu zuen lan hori burutzeko. Ondoren, Iñaki Egañaren gutuna jaso zuen, Orion gerra garaian gizon bat fusilatu zuela zioen bertan. Ordutik informazio gehiago jaso du Iturainek eta gaiaren inguruko material asko bildu du.
Herritarren garrantzia liburuan
Materiala edukita, liburua idazteko ideia sortu zitzaion Ituraini. Idazlea bera izanagatik, herritarren partaidetza ezinbesteko ikusten du, izan ere, beraien istorioak dira liburuan kontatzen direnak. Horretarako antolatu zuten martxoaren 6an bilera irekia, herritarren bizipenak biltzeko. Harrera ona izan zuen ekimenak, izan ere, gerra gai tabua da eta gaia hitz egitea askorentzat lasaigarria da. Hamabost lagun bildu ziren. Bertaratutako gehienak Errepublikaren aldeko bandoarekin erlazionatutakoak ziren.
Ikerketa lanak eginda eta herritarren ekarpenak jasota, liburuarekin lanean jarraituko du Iturainek. Udalarekin batera elkarlanean sortzen ari den proiektua da. Liburua plazaratzeko bidean, urrats asko eman dira eta ia moldatuta dago.