"Erabakiak hartzeko unea" dela dio Alizia Osa Zarauzko Ingurumen zinegotziak

Urola Kostako Hitza 2014ko martxoaren 17a

Erabakiak hartzeko unea dela dio Alizia Osak, Zarauzko Ingurumen zinegotziak.  Hondakinen gaiari dagokionez, Zarauzko Hondakinen Mahaiak hartutako erabakiari jarraituz doiketak egiteko momentua da haren esanetan, hondakinen bilketa sistema aukeratze aldera. Horrekin batera, ezarritako helburuak lortzeko sentsibilizazioan ere indarra egin behar da. «2013ko datuen arabera, %41eko bilketa selektiboa dugu. Egia da 2011ean hondakinen %30a biltzen genuela sailkatuta, baina udalbatzarrean gehiengoz 2014ean Urteta itxi ahal izateko hondakinen %70eko bilketa selektibo tasa lortuko genuela adostu genuen». Zentzu horretan, %30 gehiago bereizita biltzea «beharrezkoa» dela gogoratu du. Horrekin batera, zarauztarrek iaz Urtetara 5.300.000 kilo errefusa baino gehiago bota zituztela dio: «Hori izugarria da». Sentsibilizazeaz gain, "gakoa" bilketa sistema eraginkorra izan dadin neurriak hartzea dela dio: "Hondakinak edukiontzi berdera botatzea zaildu behar dugu. Birziklatu daitezkeen hondakinak zabortegira bideratzea ekiditea lehentasuna da". Haren esanetan, hiru urtean hirukoiztu—1.046.000 kilo— egin da jasotako hondakin organiko kopurua eta egun 6.690 familiak erabiltzen dute bosgarren edukiontzia. Hala ere, oraindik ere "bide luzea" dago egiteko: "Lehenbizi arazoaren irtenbidea etxetik hasten denaren kontzientzia hartu beharra dago, eta beraz, sentsibilizazioan indarra egin. Hori lortzean jendearen ahalegina bideratzeko bitartekoak jarriko dira udaletik, Urola Kostako Udal Elkartetik eta Foru Aldunditik". Aste honetan iragarriko dituzte ildo horietan sakontzeko erabakiak. "Sekulako aurrerapausoa"

"Zabortegi baten itxiera albiste oso ona da herritar guztientzat", nabarmendu du Osak. Horren alde "lan handia" egin du udalak, Urola Kostako Udal Elkartearekin eta Aldundiarekin batera; izan ere, udalarentzat "lehentasunezko gaia" izan da. Ingurumen ikuspegitik ez ezik, lorpen ekonomiko eta soziala ere bada Urtetaren itxiera Osarentzat: "Zabortegia lehengo eredua da, aurrerantzean zabortegirik beharko ez duen eredurantz urratsak ematen ari gara, eta iraganetik etorkizunerako jauzia egingo dugu zabortegia ixtearekin batera. Jendartearen ohitura aldaketak ahalbidetu du zabortegi bat itxi ahal izatea, eta gizarte bezala, sekulako lorpena da”. 

2014ko abenduan itxi arren,  kalte ekologikoa txikitzeko, urte luzetan tratamenduarekin eta zabortegiaren kudeaketarekin jarraitu beharko dela ere ohartarazi du Zarauzko Ingurumen zinegotziak, baina behin itxita Urtetak ez du zabor gehiago bilduko bere baitan, eta espero du "hurrengo belaunaldiek halakorik behar izatea, ez Zarautzen ezta Gipuzkoan ere.”

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide