Larunbatean eta igandean jokatu da Espainiako Neguko Txapelketa Sevillako uretan eta emaitza onak lortu dituzte Itxas-Gaineko piraguistek. Talde txikia joan arren, txapelketa ona egin dute eta nahiz eta piraguista gazte batzuk finaletik kanpo geratu orokorrean maila oso ona erakutsi dute. Iñigo Peña, itxaropentsu denboraldi berriari begira Larunbat goizean sailkapen estropadekin eman zitzaion hasiera urteko txapelketa nagusiari Guadalquivir ibaiko uretan. 2.000mko proba egin behar izaten dute partaideek, bost piraguistek osatutako txandetan eta erlojuaren aurka bakoitza bere kaletik. Aurreneko 70ak larunbat arratsaldean eta igande goizean jokatzen den 5.000 metroko finaletarako sailkatzen dira. Kadeteen sailkatze estropadekin hasi ziren lehen piraguistak beraien onena ematen. Zumaiarrei dagokienez, Amaia Ortiz 24. izan zen eta finalerako txartela lortu zuen; Helene Carmonak aldiz, ezin izan zuen finalerako txartela lortu. Kategoria berean, mutilez dagokienez, Xabi Altadill ere finaletik kanpo geratu zen. Kadeteen estropadak bukatuta, jubenilen txanda iritsi zen, bertan zeuden Itxas-Gain taldeko ordezkari gehienak eta emaitza gazi-gozoak lortu zituztela esan daiteke. Alde batetik Imanol Barruetabeña eta Unai Gereka finalerako sailkatu ziren 18. eta 40. sailkatu ondoren 2.000 metroko sailkatze proba. Aldiz, Kepa Txapartegi, Unai Azkune eta Martin Egaña finaletik kanpo geratu ziren. Sailkatze probei amaiera emateko, mutil seniorren txanda iritsi zen. Bertan Iñigo Peña hirugarren sailkatu zen, nahiz eta [...]