Biotopoa mantentzea da Zarauzko Udalaren lehentasuna

Urola Kostako Hitza 2014ko martxoaren 14a

Zarauzko Udalaren lehentasuna biotopoa mantendu eta garatzea da. "Itsasoak eragindako kalteen aurrean, zonalde horretako dunak berregitea ezinbestekoa izango da hemendik aurrera bertan garatuko den edozein proiektutan", nabarmendu du gaur goizean Zarauzko golfeko ordezkariekin, Madrilgo gobernuaren Gipuzkoako ordezkaritzarekin, Espainiako Ingurumen Ministerioko Kosta zuzendaritzarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egindako bileran. Azken itsasaldiak biotopoan eragindako kalteen ondoren hartu beharreko neurriak adosten jarraitzeko elkartu dira horiek.

Jakinarazi dutenez, udalaren asmoa lehendik aurreikusia zuen itsas pasealekuaren amaiera eta Iñurritzaklo zubia batzen zituen pasabidea aldatu eta pasabide berri bat eraikitzea izaten jarraitzen du. Zarautz Ehuntzen udal planeko 25. puntuaren arabera, dunen balio naturala indartu eta lehen zegoen pasabideak zituen irisgarritasun gabeziak konponduko lituzke pasarela berriak. "Biotopoaren garapenean eta dunak berreskuratzean berebiziko garrantzia zuen proiektu honek", ohartarazi dute. Halaber, herriaren interes turistikoei dagokionez ere "lehentasunezko proiektua" zen hori erakundearentzat.

Itsasaldiek hainbat kalte eragin dute gune horretan eta ondorioz proiektua birplanteatzera behartu dute Zarauzko Udala. Kosta zuzendaritzaren arabera, "ezinbestekoa" da oinezkoen bidea itsasertzetik urrunago egitea, dunek berregiteko lekua izan dezaten. "Horrek ibiltokia metro batzuk atzeratzea eragingo luke, egun zegoen lekutik barrurago sartuz", zehaztu dute.

Proiektuak izan ditzaken "zailtasunak" kontuan izanda, udalaren lehentasuna biotopoa defendatzea da,  "hori ikuspegi ekologiko, ekonomiko eta turistikotik sekulako altxorra delako, eta horrela jasota dagoelako Gipuzkoako Foru Aldundian ere".

Datorren astean bilduko da udala berriz ere gainontzeko jabe eta maizterrekin, hartuko den norabidea guztien artean adosten jarraitzeko asmoz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide