Amaia Azkueren hilketa salatzeko elkarretaratzea egingo dute astelehenean Zarautzen

Urola Kostako Hitza 2014ko martxoaren 14a

2011ko martxoaren 17an aurkitu zuten hilik Amaia Azkue oriotarra Azpeitiko Ibai Eder urtegian.  Astelehenean beteko dira hiru urte eta Zarauzko mugimendu feministak antolatuta, elkarretaratzea egingo dute Lege Zaharren Enparantzan, 19:00etan. Hona hemen gertakariaren harira talde mugimendu horrek plazaratutako idatzia:

Amaia Azkueren erailketaren 3. urteurrena. Indarkeria sexistari ez!

2014ko martxoaren 17a

Amaia Azkue, Zarautzen bizi zen oriotarra, 2011ko martxoaren 17an bahitu, kolpatu eta erail egin zuten. 3 urte igaro dira ordutik eta Zarauzko mugimendu feministak gogora ekarri nahi du gertaera hura.

Gaurko egunez, batez ere haren senide eta lagunak ditugu gogoan, eta, beste behin ere, gure babes eta animorik handiena adierazi nahi diegu. Ez dugu Amaia ahaztu. Ez dugu ahaztu, ezta ere, orduko hartan gertaera ozen salatu genuenon ahotsa, ezta indarkeria sexistarekin amaitzeko herritarrok sentitzen dugun nahia ere.

Zoritxarrez hiru urte hauetan zehar indarkeri sexista kasu gehiago izan dira, hala nola, iazko udaberrian getariko neska gaztearen bortxaketa, edota, joan den ostiralean adin txikiko neska batek salatutako erasoa.

Gertaera lazgarri horien atzean jendarte patriarkala dago, emakumeak menderatu eta zapaltzean oinarritzen den sistema, pertsonak sexuaren arabera dikotomia zurrunetan banatzen dituena (ar/eme; gizonezko/emakumezko). Indarkeria sexistak bereizketa bitar hierarkiko hori iraunarazten du. Gehiegizko kontrola, genero rolak betebeharra, errespetu faltak, gutxiesteak, mehatxuak, kolpeak, eta kasurik txarrenean, erailketak maiztasunez gertatzen dira gure inguruan. Indarkeria sexista ez da bakarrik bikotekidearen, familiartekoaren, lagunaren edo lankidearen eskutik etortzen, ezezagunen artean ere ematen da.

Boterearen adierazpen diren gertaera hauek ozen salatzen ditugu. Harremanak oinarri eta balio berrietan eraikitzeko nahia adierazten dugu. Elkar zaintzea eta errespetatzea oinarri duten harremanak, norbere buruaren jabe izanez eta defentsarako gaitasunetan trebatuz. Guk, bide honetan lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu, emakumeen artean elkartuz, indarrak batuz eta haserretzen gaituena herrian salatuz. Geure buruen jabe eginez, kaleak gure eginez eta autodefentsa feminista praktikan jarriz.

Zarauzko mugimendu feminista

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide