Donostiako Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak emandako eta Euskadiko Auzitegi Nagusiak berretsitako epaia: Zarauzko Udala zigortzen dut udaletxeko fatxada nagusian bandera nazionala jartzera. Herenegun jarri zutenetik, herritar ugarik irakurri du udaletxe atarian jarritako plaka handian jasotako azalpena. Espainiako bandera, berriz, atzo goizean jarri zuten udaletxeko balkoitik zintzilik, ikurrinarekin, Gipuzkoako banderarekin eta Zarauzkoarekin batera.
Eskualdeko beste hainbat herrirekin—Getaria eta Azkoitia, kasu— gertatu den bezala, Zarauzko Udalak Espainiako bandera udaletxean—kanpoan zein barruan—lehentasunezko leku batean jartzeko agindua jaso du, eta hori egiteko azken eguna martxoaren 16a da. Dagoeneko jarri dute bandera udaletxean, ezinbestean. Horren harira, ezohiko udalbatzarra egin zuten herenegun iluntzean EAJk eta Bilduk aurkeztutako mozioa bozkatzeko. «Inposaketa horren aurrean» Zarauzko Udalari «lehengo egoerara itzultzeko beharrezko betekizunak» hasteko eskatu eta Espainiako Gobernuari «sinboloen eta legeen inposaketa politika alde batera utzi eta herri honek bere etorkizuna libreki erabakitzeko duen eskubidea errespeta dezan»galdegin zieten bi alderdiek mozio horren bidez. Gehiengoz onartu zuen udalbatzak, EAJ, Ezker Anitza eta EH Bilduren aldeko botoekin.
«Bandera oro giza talde bat identifikatzeko sinboloa da. Bandera horrek gizatalde horren baloreak ordezkatzen ditu, eta talde hori zapi horretan islatuta ikusten da», adierazi zuen Eider Illarramendik, Zarauzko alkateordeak. Espainiako banderak, ordea, «inperialismoa» adierazten duela nabarmendu zuen; «genozidioa, tortura eta faxismoa». Horrek ez ditu zarauztarrak ordezkatzen, Illarramendiren esanetan: «Gure nortasun kolektiboaz erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu: euskal herritar burujabeak izan nahi dugu, gure etorkizunarekin zer egin nahi dugun erabakitzeko eta gure sinboloak izateko».
Zentzu horretan, gogor salatu zuen «herritarren gehiengoaren aurkako agindu» hori, eta alderdi politiko eta eragileei «gure nortasunaren, baloreen eta borondatearen aurka egiten den inposaketa hau itzulikatzeko beharrezko urratsak emateko» eskatu zien.
Intsumisioa
Ezker Anitzako Mariana Aranburuk inposaketarik ez duela onartzen adierazi zuen, eta horren aurrean «intsumiso» jokatuko lukeela esan zuen: «Bandera ez jarri, eta kito». Aurrez ere halako erreferentziak badaudela gogoratu zuen: «1997an Imanol Muruak alkate zela erabaki zuen Espainiako Barne Ministeriora soldaduska egin zezaketen herriko gazteen zerrenda ez bidaltzea, bakezalea zelako. Egin dezagun gauza bera».
«Zarautz herri euskaltzale eta abertzalea da, zarauztarrok euskal herritarrak sentitzen gara eta geure etorkizuna modu librean aukeratzeko eskubidean sinesten dugu», nabarmendu zuen Imanol Lasa EAJko bozeramaileak. Herritarrak ordezkatzen dituen ikurra ikurrina da haren esanetan, «eta ez Espainiako bandera». Espainiako Auzitegi Gorenak «gatazka politikoa elikatu» eta euskal herritarrei «Espainiako nazionalitatea inposatu» nahi diela salatu zuen, «demokraziaz mozorrotuta». Demokrazia, ordea, herritarrei hitza ematea eta hori errespetatzea dela gehitu zuen. «Herri honek bere etorkizuna eta beste estatuekin izango duen harremana modu libre eta demokratikoan erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu».
«Legea bete egin behar da»
Gaiak zalaparta sortu zuen pleno aretoan. Herritar ugari bertaratu zen, eta zenbait momentutan hainbat zinegotzik euren parte hartzea eten behar izan zuten, herritarren oihuak medio. PSE-EEko Patxi Elola eta PPko Maria Jose Lafuenteren kasua izan zen hori.
Azken horrek legea bete egin behar dela gogoratu zuen, eta mozio hori aurkeztearekin zenbait herritar alde batera utzi dituztela: «Gizartearen parte bat baino ez duzue kontuan hartzen; ez zaitezte baztertzaileak izan». Gaineratu zuenez, Espainia «behar denean hor dago beti», bere esanetan «Zarautz Espainia delako». Instituzioek herritarren zerbitzura lan egiten dutela ohartarazi zuen era berean, eta «banderez haratago» herritarren kezkak «bestelakoak» direla; lana, hipoteka eta heziketa, kasu.
Elolak esan zuen ikur frankista gehiago badirela herrian egun. Zarautzera sartu ziren indar frankistak nafarrak zirela esan zuen, eta Zarauzko frankistek haiek omentzeko jarri ziotela Nafarroa izena garai bateko Madoz kaleari. «Zuen esku dago izena aldatzea. Hori bai izango litzatekeela benetako sinboloa». Ikurrina zein Espainiako bandera, biak direla demokratikoak aitortu zuen, eta «harro» dagoela biak udaletxean jarri dituztelako, Gipuzkoakoarekin eta Zarauzkoarekin batera. «Espainiako bandera geure bandera da, ez da inposaketa», nabarmendu zuen.
Inposaketa, hain zuzen, udaletxe kanpoan plaka jarri izana da harentzat. «Zarautzen ere Konstituzioa eta bere sinbologia onartu egin ziren. Plakarena, ordea, zuen jokoa da, zuen inposaketa». Garai bateko banderen gerrara ez duela itzuli nahi esan zuen: «Guk legea bete dadin nahi dugu». Ez bozkatzea erabaki zuen udal talde horrek. Bilduk, EAJk eta Ezker Anitzak mozioaren alde bozkatu zuten, eta PPk kontra.