'Mikrouhina': Depresioaren burbuilapean

Aritz Mutiozabal 2014ko martxoaren 14a

Mikrouhina (Joseba Alvarez) «Nola aldatzen du depresioak pertsona baten bizitza? Eta pertsona horren aldamenean daudenena?». Galdera horiei erantzun eszenikoa ematen saiatu da Ze Onda antzerki taldea Mikrouhina antzezlanarekin. Izan ere, depresioan erortzen den pertsona baten inguruko istorioa du kontagai, eta Ze Ondako kide Silvia Manzanak azaldu duen bezala, «pertsona horren burbuilan sartzen gara, batez ere». Etzi, Getariako gaztetxean izango da antzezlana ikusteko aukera; saioa 19:00etan hasiko da. Matilde eta Tristan bikotea gorpuzten dute Silvia Manzana eta Jon Ander Alonso aktoreek. Matildek zapaten bildumak egiten ditu, eta Tristanek, berriz, orduak ematen ditu liburuak irakurtzen. Euren bizitza goitik behera aldatuko da, Tristanen arreba hiltzen denean. Gertaera latz horrek irteerarik gabeko zulo sakon batean hondoratuko du gizonezkoa. Hori da antzezlanaren abiapuntua, baina «ez dakigu azkenean zulo horretatik ateratzen den ala ez. Bakoitzak bere irakurketa egiten du», aurreratu du Manzanak. «Nik uste dut baietz, ateratzen dela edo behintzat horrekin bizitzen ikasten duela». Gai oso delikatua jorratzen dutenez, jendeak «antzezlan gogorra» izango dela pentsatzen du, baina ez da horrela. «Nahiko freskoa da. Ez da obra naturalista bat; hau da, ez dugu eguneroko bizitza bezala aurkezten. Beste diskurtso mota bat dauka», nabarmendu du. Gainera, elementu gutxi erabiltzen dituzte: lau aulki, gauza gutxi batzuk eta mikrouhin labe bat, eta horrekin guztiarekin espazio aldaketa guztiak egiten dituzte. «Interesgarria da lantzen dugun gaiagatik, baita kontatzen dugun moduagatik ere. Ez da antzerki obra konbentzional bat; nahiko alternatiboa da». 2010ean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Literatur Sormenerako Beka jaso zuen Manzanak, eta hortik sortu zen antzezlanaren hasierako testua. Ondoren, bi aktoreak Ana Perez zuzendariarekin elkartu ziren antzezlana berridazteko. «Egoera hori guztia mikrouhin labe batekin irudikatzea zuzendariari bururatu zitzaion eta, nolabait, denboraren iragana irudikatzen du. Monotonia irudikatzen du, alegia. Izan ere, mikrouhin labe bat pizten duzunean, beti dabil biraka eta biraka, baina ez da inora iristen». Antzezlana gaztelaniaz sortu zuten Microondas izenburupean, eta Donostiako Guardetxean estreinatu zuten duela bi urte. Euskarazko bertsioari iazko otsailean ekin zioten, eta jada urtebeteko ibilbidea osatu du; euskaratze prozesuan Julia Marinen laguntza izan du taldeak. Agertoki behean Nagusiki gaztetxeetan eta areto txikietan taularatzen ari dira antzezlana. «Zerbait sortu nahi genuen gure istorioa kontatzeko, baina dirurik ez geneukan. Aurrekonturik ez izateak formatu txikiko ikuskizun bat egitera bultzatu gintuen. Inguruan genituen gauzak baliatuz, nolabait esateko». Formatu txikikoa izateaz gain, ez dute obra agertoki gainean antzezten. «Behera jaisten gara eta publikoa gure inguruan  jartzen dugu, aurrez aurre. Horretarako, u forman jartzen ditugu ikusleak, aulkiekin mugatuta,  boxeoko ring bat bezala, eta gu haien erdian aritzen gara». Horrek beste espazio bat ematen die. «Gainera, ez zuen zentzurik testuarekin zerbait ezberdina landuta, ondoren ohiko moduan taularatzea oholtza gainean». Hala, aktoreen eta publikoaren arteko laugarren pareta ezabatu egin dute. Jendearen begietara begira antzezten dute, eta horrek haien erreakzioak ezagutzeko balio izan die. «Emakumezkoek gizonezkoek baino gehiago sufritzen dutela konturatu gara. Ez dakit zergatik, eta bitxia ere bada, baina emakumeei gehiago ukitzen diela dirudi», adierazi du Manzanak. Oro har, antzerki emanaldietara joaten ohituta ez dagoen jendea zur eta lur geratzen dela azaldu du aktoreak. «Ez dugu informazio guztia ematen; ez dugu kontatu beharreko guztia murtxikatuta aurkezten. Puzzle baten modukoa da: eszena txikiak dira, eta, era berean, oso poetikoak nahiz metaforikoak». Ikuslea txunditzen badute ere, «erraz barneratzeko lana» da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide