Igandean jokatuko dute Zestoako XXXVI. Herri Krosa lasterketa, bertako atletismo taldeak eta udalak antolatuta. Izena emateko epea zabalik dago azken hilabeteetan, eta aurrez inskribatu nahi duenak gaur izango du azkeneko eguna. Zestoako kiroldegian edo
www.herrikrosa.com webgunean eman behar da izena, bost euroren truke. Ohi bezala, egunean bertan ere egongo da izena emateko aukera, baina orduan egiten dutenek hamar euro ordaindu beharko dituzte. Lasterketa baino ordu erdi lehenago itxiko dute izena emateko aukera, eta korrikalari guztiek igandean bertan jasoko dute lasterketan eraman behar duten dortsala, udaletxe azpian.
Aurten krosean parte hartzen duten korrikalariek bi ibilbide izango dituzte aukeran. Biak herri barruan izango dira: bat bira bakarreko itzulia izango da, 2.650 metroko ibilbidearekin. Luzeena, berriz, 8.567metrotakoa da, eta kasu horretan ibilbideari hiru bira eman beharko dizkiete. Parte hartzaileek izena ematerakoan zehaztu beharko dute egingo duten ibilbidea. 11:30ean hasiko da lasterketa, Laranjadi plazan, eta 1999an edo lehenego jaiotakoek hartu dezakete parte proba horretan.
Umeen probak, lehenago
Krosa hasi baino lehen, ordea, gaztetxoen txanda izango da. Zortzi lasterketa egingo dituzte herrian, 10:00etatik aurrera. Ordu horretan benjamin neskak irtengo dira, eta hamar minutura benjamin mutilak; 600 metro egingo dituzte horiek. Kimuek 1.350 metroko ibilbidea izango dute: nesken txanda 10:20ean izango da, eta ondoren mutilena. Azkenik, infantil neskak 10:40ean irtengo dira 1.800 metro egitera; mutilek 2.250 metro egingo dituzte, 10:50ean. Horiek guztiek doan emango dute izena.
Horretaz gain, txikienentzako probak ere egingo dituzte: 11:00etan eskolaurreko neska-mutilek Gurutzetik hasita 150 metro egingo dituzte. 11:05ean, berriz, 2006-2007 urteetako umeek 300 metro egingo dituzte lasterka.
Lehenengo postuetan geratzen direnei dagozkien sariak emateaz gain, korrikalari guztien artean ere zozkatuko dituzte hainbat sari. Lasterketa amaitutakoan mokadua jasoko dute, eta dutxa zerbitzua ere izango dute eskuragarri; gizonezkoek kiroldegian izango dituzte dutxak eta, emakumezkoek, herriko eskolan.
Bestetik, Zestoako Herri Krosa dela eta aldaketak egongo dira autobus geltokietan; hala, Zumaia alderako autobusak Arteaga auzunean geratuko dira.