Iñaki Iturain
1936ko gerrak Orion izan zuen eragina ikertu du Iñaki Iturain (Orio, 1956) oriotarrak, eta liburu bat idazten ari da egun. Urteak daramatza gaia ikertzen, eta herritarren ekarpenetan oinarritu da oriotarren istorioetatik abiatuta, Orioko historiaren zati hori jasotzeko. Herritarrekin bilera gehiago egiteko asmoa du, eta horregatik, oraingoz argitarapen datarik ez du lanak.
Nolatan bururatu zitzaizun 1936ko gerrari buruzko liburu bat idazten hastea?
Txikitatik izan dut gaiarekiko interesa. Aitak parte hartu zuen 1936ko gerran, eta horri buruzko kontuak txikitatik entzun izan ditut etxean. Duela hogei bat urte Jakes Goikoetxeak eta biok
Karkara-n gerraren inguruko erreportaje bat egin genuen. Ez genuen informazio askorik gaiaz, baina ausartu eta erreportajea osatu genuen. Lan hartatik abiatuta informazio pila bat iritsi zitzaidan. Handik gutxira, Euskal Herrian 1936ko gerraren inguruan gehien ikertu duen Iñaki Egañaren gutun bat jaso genuen. Hala jakin nuen fusilatutako gizon oriotarra nor zen: Teodoro Mitxelena. Geroztik, kontu asko jakin ditut gerraren inguruan. Duela hiru urte, berriz, hondartzan nengoela, aspalditik Frantzian bizi den emakume oriotar bat hurbildu zitzaidan kontu bat kontatu nahi zidala esanez. Bere aitaren istorioa kontatu zidan. Hark gerra hasi zenean Frantziara alde egin behar izan zuen, bestela hil egingo zutelako. Istorio hori idazteko eskatu zidan, eta konturatu nintzen aurretik jasota nuenarekin liburu bat idazteko adina material banuela; eta serio lanean hasi nintzen.
Informazioa biltzeko zein bide jarraitu dituzu?
Herritarrak izan dira informazio iturri nagusia, beren istorioak jaso baititut. Artxiboetan ere ikertu dut, eta beste hainbat ikerlarik ere lagundu didate. Iaz Amagoia Ibanek Zarauzko 1936ko gerrari buruzko liburu bat idatzi zuen, eta harekin bildu nintzen hainbatetan. Ibanek dokumentu asko zituen, eta horietako asko Oriori zegozkionez, utzi egin zizkidan. Bestetik, Renoko Unibertsitateko (AEB) liburutegian 1936ko gerrari buruzko artxibategi oso aberatsa dute. Esaterako, falangistak Zarautzen sartu zirenean Narros Jauregia hartu zuten kuartel nagusitzat, eta haien komandante Jose Huartek pilatu zuen dokumentazio guztia, nik ez dakit nondik nora, baina Renoko Unibertsitateko artxibategian dago egun. Imanol Murua kazetariak arakatu zituen haiek denak, eta handik bidali zizkidan Orio agertzen zirenak.
Garai hartako informazio zuzena duten herritarrak adinekoak dira. Zer moduzkoa izan da jendearekin hartu emana?
Oso harrera ona izan du gaiak eta, hitz egiten hasi direnean, batzuk hunkitu ere egin dira. Dena dela, oraindik, zoritxarrez, gaia tabua da. Gerra beti izaten da tabua; bi alde egon ziren, drama handia bizi izan zuten herritarrek, eta hildakoak ere izan ziren. Dena dela, konturatu naiz zenbaitengan eragin lasaigarria duela gaiaz hitz egiteak. 1936ko gerrako galtzaileak ezkutatuta bizi izan dira, hildakoak ez dira inon agertu, eta kasu batzuetan ez dute hilotza eskuratu eta zenduaren alde hileta egiteko aukerarik ere izan. Galtzaileen familientzat barru-barruan sartuta duten arantza bat ateratzeko modua izan da. Alde horretatik, oso harrera ona izan du proiektuak: familia horiek erakutsi dute interes handiena.
Oriotar asko hil al zen 1936ko gerran?
Bi pertsona fusilatu zituzten Orion, alde banatako bat. Errepublikaren aldekoek fusilatu zuten bat Donostiako espetxean: Jose Maria Carmona. Bestea langilea zen, eta Solidaridad de Trabajadores Vascos sindikatuan, egungo ELAn, afiliatuta zegoen: Teodoro Mitxelena. Berarekin lan egiten zuten eskuin muturreko langile batek salatu zuen, eta falangistek Getarian fusilatu zuten. Horretaz gain, frontean beste hamasi lagun hil ziren; bi aldetakoak. Dena dela, iruditzen zait egon daitezkeela hildako gehiago, oraindik nik ez dakizkidanak.
Martxoaren 6an herritarrekin bilera ireki bat egin zenuen. Zer moduz joan zen?
Nire ikerketa lana bukatutzat emana dut, eta pasa den asteko bilerara deitu nuen inor geratu ez zedin bere kasua aipatzeko aukerarik gabe. Ez nuen espero horrelako ekarpenik jasotzerik. Oso ondo joan zen bilera. Hamabost lagun bildu ziren, gehienak Errepublikaren aldeko bandoarekin erlazionatuak. Bileran oraindik ezagutzen ez nituen bi hildakoren berri jakin nuen, eta iruditzen zait gehiago atera daitezkeela. Xehetasunak ere eman zizkidaten. Orioko zimitorioan gurutze bat izan zen
Muertos por Dios y por España zioena. Bertan Francoren alde hildakoen zerrenda agertzen zen. Nik uste nuen hiru-lau urtetan egongo zela hori Orioko eliza atarian, baina bileran jakin nuen 1965ean oraindik bertan zegoela. Gainera, kontatu zidaten egun batean garaiko bikarioak ospakizun batean agintariak bertan zeudela aprobetxatuz esan zuela bazela garaia kanpoaldean zegoen gurutzea eta izen zerrenda kentzekoa, horrek gerraren bando bakarra islatzen zuelako. Apaizak agintariei hori kentzea eskatu zien, eta bestela berak kenduko zuela azaldu omen zien.
Eta zer gertatu zen?
Agintariek ez zuten kendu, baina berak hargin bati deitu eta gurutzea eta izen zerrenda kendu egin zituen. Horretan ari zirela Guardia Zibilaren sarjentu bat agertu omen zen, eta sekulako hika-mika izan omen zuten. Hala ere, apaizak erakutsi zuen elizan berak agintzen zuela, eta horrela kendu zen 1936ko gerra gogoratzen zuen elizako gurutzea.