Hasi dira Azpeitia Cup txapelketa mamitzen

Ane Olaizola 2014ko martxoaren 14a

Apirilaren 25etik 27ra artean Azpeitia gizonezko futbolaren «hiriburu» bihurtzea espero du Azpeitia Cup elkarteak, egun horietan «inguruko harrobi onenak» elkartuko direlako herrian. Azpeitia Cup futbol txapelketaren sailkatze fasea hasiko da orduan, eta dagoeneko zabaldu dute fase horretarako izena emateko epea. Jada hogeita hamar taldek izena eman dute, gehienak talde txikiak dira; Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Kantabria eta Errioxa aldekoak besteak beste. Taldeka hainbat fasetan banatuko dute proba, eta 2.000 lagunek parte hartzea aurreikusten dute Garmendipen. Lehen lau sailkatuek ekainaren 13tik 15era bitartean jokatuko den Azpeitia Cuperako txartelak lortuko dituzte. Besteak beste, Real Madril, Bartzelona, Valentzia, Sevilla, Reala eta Athletic bezalako taldeen aurka jokatzeko aukera izango dute talde txiki horiek. Mikel Rodriguez elkarteko lehendakariaren arabera, «adiskidetasunaren txapelketa berpiztea» da euren asmoa. Bertan parte hartu nahi dutenek izena emateko orria bidali beharko dute www.azpeitiacup.com edo info@azpeitiacup.com helbideetara. Informazio osoa ere bertan lor daiteke. Taldearen izena, jatorria eta jokalarien eta teknikoen kopurua zehaztu beharko dute, eta 200 euro ordaindu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide