Zendoia omenduko dute San Jose Trikiti Jaialdian.
Aniztasunaren jaialdia izango da datorren martxoaren 23ko San Jose Trikiti Jaialdia. Izan ere, eskualdeko eta Gipuzkoako lehengo eta oraingo trikitilariak igoko dira oholtza gainera Azpeitiko Soreasu antzokian, 17:30etik aurrera. Azpeitiko Udalak eta Euskal Herriko Trikiti Elkarteak elkarlanean antolatu dute jaialdi hau, beste urte batez. Urtero legez, aurten ere trikitiaren arloan garrantzi berezia izan dutenen lana eta ekarpena eskertuko dute. Tomas Zubizarreta
Zendoia da aurtengo omendua, «soinua ondo jotzeaz aparte, ibilbide eta errepertorio handiko» trikitilaria eta «asko ez bezalako pertsona fina» izateagatik.
«Poz handiz» hartu du omenaldiaren berri Zubizarretak. Azkoitiko Martirieta edo Martitte auzoan jaio zen 1930ean. Osaba trikitilaria lanera joaten zenean, haren soinua hartzen zuen 10 urte inguru izango zituen mutikoak. Bere kasa ikasi zuen soinua jotzen, sasoi hartan askok ikasten zuten moduan, eta 16 urte ingururekin jo zuen jendaurrean lehen aldiz bere auzoko plazan. Ordutik, plazaz plaza aritu da. 83 urterekin, jarraitzen du afalosteren bat edo beste trikiti soinuaz alaitzen. Txapelketak ere ezagutzen ditu Zendoiak: besteak beste, Euskadiko Trikitixa Txapelketan izan zen 1979, 1980 eta 1982 urteetan, Luis Alberdi
Zabale pandero-jotzailea lagun zuela.
Trikitiaren ordezkaritza zabala
Igandean eskualdeko trikiti onenaren ordezkaritza zabala izango da. Lurdes Alkorta, Xabier Zabale eta Anjel Larrañaga hirukoan ariko dira. Elkarrekin oso gutxitan aritu diren Tomas Soraluze Epelde eta Ramon Zubizarreta Landakanda bikotea ere oholtzan izango dira. Aizpurutxoko Josu, Igor eta Xabier Etxaniz anaiek San Jose jaialdian lehen aldiz hartuko dute parte, hirurek elkarrekin. Martirietako bi belaunaldi ikusteko eta entzuteko aukera ere egongo da; alde batetik Joxe Mari Arrizabalaga Sakristaua, Joakin Sudupe Egurrola eta Luxiano Porrue, Miguel Zubizarreta Zendoiaren anaia eta Jexux Alkorta
Txato-k osatutako boskotea, eta bestetik, auzoko belaunaldi berriko Itzeder Arrizabalaga, Jokin Sudupe eta Axier
Montte-k osatutako hirukoa. Iosu eta Manuel Arrizabalaga
Izer aita-semeak ere ariko dira oholtzan. Zumarragako trikitixa taldeko Miguel eta Kepa Urteaga aita-semeak eta Mikel Alustiza Urteaga ere izango dira jaialdian.
Era guztietako piezak joko dituzte trikitilariek; solteko piezak, baita agarrauak ere. Baliteke Zendoiak berak ere pieza bat edo beste jotzea hilaren 23ko San Jose trikiti jaialdian.
Sarrerak salgai
Sarrerak eskuragarri daude dagoeneko 12 eurotan, Azpeitiko Pastorkua, Ametsa eta Mendizabal tabernetan eta Azkoitiko Ixidro Erretegian. Sarrerak erreserbatzeko aukera ere egongo da,
trikitixa@trikitixa.net helbidera idatzita edo 943- 832828 telefonora deituta. Egunean bertan, berriz, 16:00etan zabalduko dituzte leihatilak. Erreserbatutako sarrerak 16:30ak baino lehen hartu beharko dira; ordu horretatik atzera salgai jarriko dituzte.