Aldundiak autobus zerbitzua berritzeko proposamenaren gainean herriz herri bilerak egingo ditu

Urola Kostako Hitza 2014ko martxoaren 13a

Autobus zerbitzua berritzeko prozesuaren lehen fasean Zarautzen egindako bileran parte hartu zuten batzuk Gipuzkoako Foru Aldundiak autobus zerbitzua berritzeko proposamena egin du, hiru mila herritarrek baino gehiagok egindako ekarpenen %75 baino gehiago kontutan hartuta. Gipuzkoan hainbat eskualdetan autobus garraio zerbitzu batzuk berritu beharra zegoela eta egin du proposamen berria. Orain, proposamenaren berri emateko herriz herri bilerak egingo ditu herritarrekin. Urola kosta eskualdeko herrietan honako egun eta orduetan dira bilerak: - Zarautz: martxoaren 17an (astelehena), 19:00etan, Etxezabalan. - Getaria: martxoaren 18an (asteartea), 19:00etan, Alondegian. - Orio: martxoaren 19an (asteazkena), 19:00etan, Kultur Etxean. - Zestoa: martxoaren 24an (astelehena), 19:00etan, udaletxean. - Azpeitia: martxoaren 26an (asteazkena), 19:00etan, udaletxean. - Errezil: martxoaren 28an (ostirala), 20:00etan, Borondegin. - Aizarnazabal: martxoaren 31n (astelehena), 19:00etan, udaletxean. - Zumaia: apirilaren 2an (asteazkena), 19:00etan, Alondegian. - Beizama: apirilaren 4an (ostirala), 19:00etan, Natur Eskolan. - Aia: apirilaren 7an (astelehena), 19:00etan, Kultur Etxean. - Azkoitia: apirilaren 9an (asteazkena), 18:30ean, Elkargunean. Bileretan zer? Herritarrekin herriz herri egingo dituzten bileretan Aldundiko arduradunek autobus zerbitzu berriaren proposamena aurkeztuko dute, aurreikusi dituzten aldaketak azalduz, eta onartutako ekarpenen zergatia arrazoituz. Gainera, bai herritarrei eta bai udalei berriro iritzia eman eta ekarpenak egiteko aukera emango zaie. Ondoren, hoiek talde teknikoarekin kontrastatuko dituzte. Autobus zerbitzu berria 2015ean ezartzea aurreikusita dute. Urola Kostako eskaera Urola Kosta eskualdean herritarren aldetik egindako eskaeretako bat, Donostiako eta Zumarragako ospitaletara zerbitzu egokiagoa jartzea izan da. Garraio aldaketak egiteko ordutegiak egokitzea ere eskatu zuten herritarrek. Herri txikietara loturak bermatzea ere eskatu zuten. Horrez gain, beste eskualde batzuetara, Debabarrenera edota Urola Garaira, loturak areagotzea da parte hartu duten herritarren nahia. Informazio gehiago edota parte hartzeko garraioahobetzen.net da webgunea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide