'Zendoia' omenduko dute Azpeitian, hilaren 23ko San Jose Trikiti Jaialdian

Olatz Prat 2014ko martxoaren 13a

http://www.youtube.com/watch?v=oYOsSIg2sGo&feature=youtu.be

Gorrotxategi, 'Izer', 'Zendoia' eta Amenabar                 Aniztasunaren jaialdia izango da datorren martxoaren 23ko San Jose Trikiti Jaialdia. Azpeitiko Soreasu antzokian, 17:30etik aurrera, oholtzara igoko baitira eskualdeko eta Gipuzkoako, lehengo eta oraingo trikitilariak. Azpeitiko Udalak eta Euskal Herriko Trikiti Elkarteak elkarlanean antolatu dute jaialdi hau, beste urte batez. Urtero legez, aurten ere trikitiaren arloan garrantzi berezia izan duten haien lana eta ekarpena eskertuko da. Tomas Zubizarreta Zendoia da aurtengo omendua, «soinua ondo jotzeaz aparte, ibilbide eta errepertorio handiko» trikitilaria eta «asko ez bezalako pertsona fina» izateagatik. «Poz handiz» hartu du omenaldiaren berri Zubizarretak. Azkoitiko Martirieta edo Martitte auzoan jaio zen 1930ean. Osaba trikitilaria lanera joaten zenean, haren soinua hartzen zuen 10 urte inguru izango zituen mutikoak. Bere kasa ikasi zuen soinua jotzen, sasoi hartan askok ikasten zuten moduan, eta 16 urte ingururekin jo zuen jendaurrean lehen aldiz bere auzoko plazan. Ordutik, plazaz plaza aritu da eta, 83 urterekin jarraitzen du afalosteren bat edo beste trikiti soinuaz alaitzen. Txapelketak ere ezagutzen ditu Zendoiak, besteak beste, Euskadiko trikitixa Txapelketan izan zen 1979, 1980 eta 1982 urteetan, Luis Alberdi Zabale pandero-jotzailea lagun zuela. Trikitiaren ordezkaritza zabala Igandean eskualdeko trikiti onenaren ordezkaritza zabala izango da. Lurdes Alkorta, Xabier Zabale eta Anjel Larrañaga hirukoan ariko dira. Elkarrekin oso gutxitan aritu diren Tomas Soraluze Epelde eta Ramon Zubizarreta Landakanda bikotea ere oholtzan izango dira. Aizpurutxoko Josu, Igor eta Xabier Etxaniz anaiek San Jose jaialdian lehen aldiz hartuko dute parte hirurak elkarrekin. Martirietako bi belaunaldi ikusi eta entzuteko aukera ere izango da; alde batetik Joxe Mari Arrizabalaga Sakristaua, Joakin Sudupe Egurrola eta Luxiano Porrue, Miguel Zubizarreta Zendoiaren anaia eta Jexux Alkorta Txatok osatuta boskotea, eta bestetik, auzoko belaunaldi berriko Itzeder Arrizabalaga, Jokin Sudupe eta Axier Monttek osatutako hirukoa. Iosu eta Manuel Arrizabalaga Izer aita-semeak ere ariko dira oholtzan. Zumarragako Trikitixa taldeko Miguel eta Kepa Urteaga aita-semeak eta Mikel Alustiza Urteaga ere izango dira jaialdian. Era guztietako piezak joko dituzte trikitilariek, solteko piezak, baita agarrauak ere. Baliteke Zendoiak berak ere pieza bat edo beste jotzea hilaren 23ko San Jose trikiti jaialdian. Sarrerak salgai dagoeneko San Jose jaialdirako sarrerak salgai daude dagoeneko 12 eurotan Azpeitiko Pastorkua, Ametsa eta Mendizabal tabernetan eta Azkoitiko Ixidro erretegian. Sarrerak erreserbatzeko aukera ere izango da, trikitixa@trikitixa.net helbidera idatzita edota 943- 832828 telefonora deituta. Egunean bertan 16:00etan zabalduko dira lehiatilak. Erreserbatutako sarrerak 16:30ak baino lehen hartu beharko dira, bestela salgai jarriko dira ordu horretatik atzera.   http://www.youtube.com/watch?v=oYOsSIg2sGo&feature=youtu.be

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide