Oinezko martxa, Azpeitian
(Ane Olaizola)
Gune plataformak deituta, eskualdeko martxa egin dute gaur dozenaka langile eta herritarrek. Gizartean hazten doan pobrezia eta prekarietatea salatu dute Azkoititik Azpeitira oinezko martxaren bidez; besteak beste, lan gatazketan dauden Urola Erdiko Corrugados, Grumal edota TS Fundicioneseko langileak izan dira protestan; «borroka bide bakarra» dela esan dute ozen.
Urola Kosta pobreziak «kolpatuta» duela adierazi dute ELA eta LAB sindikatuek; «izugarrizko une eta egun latzak igarotzen ari gara, baina zutik gaude eta zutik jarraituko dugu, beti». Eramaten ari diren politikek «miseria» eragiten dutela salatu dute, eta «horren adibide dira martxan parte hartu duten enpresen kasuak».
Borrokaren eredutzat hartu dituzte martxan izan diren langileak. «Duintasun osoz ari dira borrokan, eta hain zuzen, duinatasunaren eta herriaren alde elkartu gara oraingoan». Hain zuzen, «herri harresia sortu» eta «egoera irauli» beharra dagoela azpimarratu dute, aurrera eramaten diren «politika neoliberal eta suntsitzaileen aurrean».
Gogor salatu dituzte Gobernuen neurriak, eta bestelako politikak garatu ditzaten exijitu diete agintariei; «Madrilen menpe gaude, eta honek onartzen dituen neurriak aurrera eramaten ditu Eusko Jaurlaritzak, guztiari men egiten diolako». Hauen politiken aurrean «desobedientziarako» deia egin diete Gobernuei, hala izan ezean «triskantza» sortuko delako gizartean.
Mobilizazioen beharra
Egoeraren aurrean, Gune plataformaren eta Eskubideen Karta Sozialaren bidez lanean jarraituko dutela berretsi dute. «Herri honi beste aldarte, politika eta eskubide batzuk badaudela erakutsi nahi diegu». Egoera eta neurri ekonomikoak direla eta mobilizazioetan jarraituko dutela jakinarazi dute, «pobreziara eramaten gaituzten politika hauekin jarraitzen duten bitartean».
Kanpaina nazioanala
Gune plataformak Hego Euskal Herrian abiatu duen mobilizazio sortaren barruan egin dute mobilizazioa. Eskualdeka ari dira egiten protestak, eta gaurkoa Urola Kosta mailakoa izan da; bailaran eramaten ari den «enplegu suntsiketa» dela eta egin dute martxa Azkoitia eta Azpeitia artean. ELAk, LABek, ESK-k, EILASek, EHNEk, Hiruk, CNTk, CGTk eta dozenaka eragile sozialek osatzen dute plataforma.