Zumaiako Zumartian elkarteak erakusleiho lehiaketa antzeko bat antolatu du, establezimenduen irudia indartu eta berezoen arreta pizteko helburuarekin. "Gaur egun, bereziki garrantzitsua da bezeroen aurrean establezimenduek eskaintzen duten irudia zaintzea. Salmentak borobiltzerako orduan, berebiziko garrantzia dute establezimenduan ematen den arretak, produktuen kalitateak eta aurkezteko moduak". 2014. urteko kanpainan, erakusleihoak komunikazio-tresna gisa erabiltzea sarituko du Zumartianek. Urteko sasoi bakoitzean erakusleihoa aldatzea bultzatuz eta prestakuntza-ikastaroak antolatuz. Urte guztian zehar ibilbide egokiena izandako establezimenduari Zumartian txekez osatutako 500 euroko saria emango diote.
Zumaiako establezimenduek urte sasoi bakoitzean (udaberrian, udan, udazkenean eta neguan) erakusleihoa aldatu beharko dute. Aldatu orduko argazkia atera eta posta elektronikoz elkartera bidali behar dute, eta elkarteak argazkia Facebook-en argitaratuko du. Erakusleihoa aldatzen duten bakoitzeko bi puntu lortuko dituzte establezimenduek, eta zortzi puntu lortuko dituzte urteko sasoi guztietan aldatuz gero. Establezimenduko merkatariak antolatutako ikastaroetan parte hartuz gero beste bi puntu gehiago jasoko ditu. Hamar puntu lortzen dituen denda izango da sariaren irabazlea. Baina, puntu kopuru hori denda bat baino gehiagok lortuz gero, gaian adituak direnek osatutako talde batek hartuko du erabakia.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide