Zumaiako EAJk alkateak "dekretu bidez gobernatzen" duela salatu du

Urola Kostako Hitza 2014ko martxoaren 13a

Beheko Plaza proiektuak hautsak harrotu ditu Zumaiako udalbatzan. (Egiea: Aiora Larrañaga) Zumaiako EAJk salatu du Iñaki Arrizabalaga alkateak "dekretu bidez" gobernatzen duela, "beste indar politikoen elkarlanari eta ekarpenei ateak itxiz". EAJren esanetan urtarrilaren 30ean Gobernu Batzordean Beheko Plazaren birgaitze proiektua onartu zuen dekretu bidez. "Sinatutako egunean lanak burutu ahal izateko agindua emateko ezinbestekoa den aurrekontu agiririk gabe". Gainera, azpimarratu dute proiektua azaltzeko Udal Gobernuak antolatu zuen bilera informatzaileak oihartzun eskasa izan zuela. "Bitartean oposizioa osatzen dugun zinegotziok ez dugu izan behar adina denbora eta informazio ekarpenak egiteko". Ildo horretan, Zumaiako EAJko bozeramaile Montse Aranak gogoratu du alkateak 900 dekretu sinatu zituela 2013an. "Gu dakigula ez du 3 mila biztanletik gorako Udalek legez egin behar duten Gobernu Batzorderik deitzen, ezta udalbatza osoari bidali behar zaizkion aktak bidaltzen ere". Zumaiako EAJk berretsi du beraiek "zumaiarren bizi kalitatea hobetzeko ekarpenak egiten jarraituko dutela, nahiz eta egungo Udal Gobernuak agertzen duen harmena eskasa izan".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide