Zarauzko Araba kalea 24. zenbakiko etxepeko Julio Lopez eta Marije Zumeta (Onintza Lete Arrieta)
Zero zabor konpromisoa hartu dute Zarauzko Araba kaleko 24. zenbakiko etxepeko bizilagunek. 2013ko uztailaren 16an hartu zuten zabor gutxiago sortu eta sortutakoa ahalik eta gehien birziklatzeko erabakia. Euren kasa hartu ere. Hartutako konpromisoaren berri ematen duen xafla bat ere jarri dute eskaratzean, ate aurrean. «Mantso-mantso joan gara, gauza hauek kontsentsuz egin behar direlako», esan du etxepeko bizilagun batek. Xaflaz, berriz: «Lur kolorekoa da, eta birziklatzea berriro ere lur bihurtzea da. Xaflan, hizkiak berriro lurraren barruan desagertzen dira, birziklatzea bezala da. Gero, hemen dago motorra [irudiaz], gizartea, gu izango ginakeena. Guk sortzen dugun hori dena, natura bihurtuko dugunak berriz ere. Gazte batek egin du. Oso umila da xafla. Eskuz egindakoa dela ematen du, eskuz margotuta dago».
1995. urtean egindako etxebizitzak dira. 25 familia bizi dira etxepean. Horietako bi dira bosgarren solairuan bizi den Marije Zumeta eta bigarrengoko Julio Lopez. «Etxebizitza bat edo beste hutsik daude. Horietako batera udan etortzen dira egun batzuk pasatzera. Inguru honetan hori gertatzen da, uda garaian etortzen direla eta neguan itxita egoten dira».
Etxepeko baten proposamenetik abiatuta hartu dute zero zabor konpromisoa. «Etxepeko bilera batean batek proposatu zuen bertako bizilagunek ahalik eta zabor gutxien sortzeko eta sortzen zena ahalik eta gehien birziklatzeko konpromisoa hartzea. Bileran bildutako denek baiezkoa eman zuten, eta aurrera eraman dugu», esan du Zumetak. Testigantza bezala, eskaratzean edo sarreran xafla bat jarri dute, Zero zabor konpromisoa leloarekin eta erabakia hartu zuten eguneko datarekin.
«Printzipioz, etxepeko etxejabeen bileran denak konpromisoa hartzeko prest azaldu ziren. Gero, etxepeko administrazioa eramaten duen enpresak, etxejabe guztioi eskutitz bana bidali zigun konpromisoaren eta helburuen berri emanez. Karta denok jaso dugu, eta inork ez du bestelakorik esan. Etxepeko denok onartu dugu», azaldu dute Araba 24ko bizilagunek.
Behin konpromisoa hartuta, etxepeko bizilagunek hondakin gutxiago sortu eta sortutakoa birziklatu egiten dutela pentsatzen dute Zumetak eta Lopezek. «Helburu horretarako konpromisoa hartuta dugulako», diote.
Baliabide nahikoa
Zero zabor konpromisoa aurrera eramateko etxe ondoan nahiko baliabide badutela diote. «Etxe ondoan bost edukiontzi dauzkagu, eta horiek nahikoa dira sortzen dugun hondakinak sailkatuta birziklatzera botatzeko. Hortik aurrera, gutxiago sortzeko konpromisoa norberarena da, eta baita sailkatzeko lana ere. Ni bost edukiontzien sistemarekin gustura nago», esan du Lopezek.
Sistema bera baino garrantzitsuagoa, hondakin gutxiago sortu eta ahalik eta gehien birziklatzea dela dio Zumetak: «Niri sistema ez zait hainbeste inporta, alde batetik oso politizatuta dagoelako, eta beste alde batetik helburua ahalik eta gutxien sortu eta sortutakoa ahalik eta gehien birziklatzea delako. Ideia hori da, eta hortik aurrera badaude teknikoak, badaude dakitenak eta badaude esperientziak. Helburua betetzera eramaten bagaitu, berdin da modua. Gure helburua da, guk geuk ahalik eta zabor gutxiena sortu, eta sortzen dugun hori dena birziklatzea».
Ardura, sortzen duenarena
Hondakinen gaia politizatu egin den arren gai soziala dela uste du Zumetak. Horregatik, hondakinak sortzearen eta birziklatzearen ardura norberarena da: «Gure ustez, herritarrak beti politikoen aurretik goaz. Beraz, zaborraren gaia gai soziala da, eta ez da gai politikoa. Gu gara sortzen dugunaren arduradun, zer egiten den eta nola egiten dugunaren ardura guk geuk dugu. Politikoei horretaz hitz egin behar dela esan behar diegu. Gaia sozializatzen eta politikatik ateratzen hasi behar dugu».
Datozen belaunaldiei bizitzeko «ahalik eta toki hoberena» utzi behar zaiela diote, «ez zikina eta zaborrez betetako toki bat». Horretarako, «norberak, auzoak, herriak eta guk hasi behar dugu ahalegin horretan».
Gaia politizatu izanak jendea nahastea ekarri duela dio Lopezek: «Nahasketa handia dago, beste gauza askotan bezala. Batzuk konpromisoa bere egin dute, eta egin egiten dute. Aldiz, beste batzuk, dena poltsa batean sartu eta zuzenean errefusara botatzen dute. Baina kontua da, ardura hartu behar dugula. Errauste plantaren mehatxua hor daukagu, eta ez badugu nahi horrelakorik, denok egin behar dugu zerbait. Inork ez du nahi etxe ondoan errauste planta edo zabortegi bat». Batek ez duena nahi, beste bati ezin zaiola opa uste du Zumetak: «Nik nire etxe ondoan ez badut nahi, ezin dut onartu beste baten etxe ondoan jartzea. Baina, gutxi sortzeko eta birziklatzeko lan hori ere egin beharra dago, norberarengantik hasita».
Zarauzko Urtetako zabortegia ixteko hartutako erabakiaren aurrean, «izugarrizko poza» dutela diote Araba kaleko 24. ko etxepekoek. «Horrek izan behar du gure helburua. Horrelako denak kendu, eta sistema garbiak, osasuntsuak eta lur hobeago bat uzteko aukera emango digutenak bilatzea, eta ez alderantziz. Hori denon ardura da, eta herritarrok badugu kontzientzia». Urteta auzoko bizilagunak ere pozik egongo direla uste dute, «urte askotan hondakin pila bat pilatu delako bertan, eta kiratsa jasan behar izan dutelako».
«Euskal Herria oso txikia da, eta hemen ez dutena jartzen ondoko bailaran jarri beharra dago. Orduan, hangoak ere ez dira gustura egongo», uste du Lopezek.
Ohitura kontua
Hondakin gutxiago sortu eta sortutakoa birziklatzeko helburua betetzeko ohitura hartzea da kontua. «Hartu eta bota egitera ohitu gaituzte», dio Zumetak. Orain, ordea, beste ohitura batzuk hartu beharra dago. Txikitako kontuak ekarri ditu gogora bosgarren solairuko bizilagunak: «Txikitan, gure etxean, beste era batera egiten zen. Ez zegoen hainbeste plastiko eta hainbeste gauza. Baina, amak janari guztia gorde egiten zuen, eta esnezalea etortzen zenean hari ematen zion baserrira eramateko. Orain, begiak itxi eta botatzera ohitu gaituzte. Baina, berriz, beste era batera ohitu beharko dugu. Hala ere, denontzako hobea bada, ez daukagu aitzakiarik».
Behin ohitura hartutakoan, hondakin denak batera botatzea zaila egiten da Araba 24ko bizilagunen esanetan: «Behin zabor gutxi sortzera, eta sailka birziklatzera ohitutakoan, gero dena batera botatzea ezinezkoa egiten da. Ohitura batzuk hartzea da».