Arraunetxen Aisialdi Gunea eraikitzeko proiektua aurrera doa pixkanaka. Joan den asteburutik, martxoaren 8tik aurrera, kayak ontziak alokatzeko aukera dago bertan. Irteerak Oria ibaian zehar egingo dira eta bi ordu inguruko iraupena izango dute; igeri egiten jakitea ezinbesteko baldintzatako bat da jarduera hori burutzeko.
Taldeka ere egin daitezke irteerak, gehienez 28 pertsonakoak izan daitezke horiek. Ontzi bikoitzaren bi orduko alokairuak 11,50 euro balio ditu pertsonako, eta banakako ontzian ibili nahi duenak 18 euro ordaindu beharko ditu. Erreserbak gutxienez 48 ordu lehenago egitea gomendatzen dute, 943 86 22 41 eta 657794677 telefono zenbakietan edo info@begi-bistan.org helbide elektronikoan.
Eskaintza gehiago udaberrira begira
Udaberritik aurrera SUP, raft, kanoa eta traineru alokairua ere martxan jarri nahi dituzte, eta baita aulki mugikorreko ontziak esperientzia gehiago dutenentzat. Bestalde, ontziak gordetzeko apalak ere alokatzen dituzte Arraunetxen, eguneko 0,75 eurotik aurrerako prezioekin ontzi motaren arabera.