Jesus Egiguren: «Jende asko ondo bizi izan da bakerik gabe eta ondo joan zaie»

Urola Kostako Hitza 2014ko martxoaren 12a

http://vimeo.com/88885115

Uztarria.com, Urola Kostako Hitza Enekoitz Esnaola Berriako kazetariak Jesus Egiguren elkarrizketatu zuen astearte arratsaldean. Aho Bizarrik Gabe solasaldi zikloaren zazpigarren saioa izan zen. Modu berezian hasi zen solasaldia, Arnaldo Otegik Jesus Egigureni bidalitako galdera batekin, hain zuzen: Nortzuk ez dute nahi bakea, eta zergatik? «Bakea lortzea garestia dela esan ohi da. Jende asko ondo bizi izan da bakerik gabe, eta nahiko ondo joan zaie bizitza. Segurtasun munduan zenbat diru joaten zen, kazetariek ETAz soilik zekiten hitz egiten, eta oraindik horretan jarraitzen dute, ETA zegoenean baino gorroto gehiagorekin, askotan», erantzun zuen Egigurenek. Otegi espetxean egotea ez zaio «justua» iruditzen Egigureni. Horrekin lotuta, Espainiako Gobernuak arazoak konpontzeko «gogorik ez» duela azaldu zuen, «orain Arnaldo preso edukitzeak gerora ere kalteak eragingo ditu. Sortu sortzen ari da, eta liderra kartzelan dago. Alderdia bururik gabe dago», azaldu zuen PSE-EEko presidenteak. «Otegi ez litzateke espetxean egongo borroka armatua defenditzen jarraitu izan balu», gaineratu zuen. «ETArekin bukatzea arazoa da estatuarentzat, Espainian saldu zuten ETA amaitu zela, baina Bilduk hartu zuela haren lekua. ETAk armak utzita, Espainiak aurkari bat behar zuen». Desarmatzea eta presoak ETAren desarmatze prozesua «keinu» moduan hartu du Egigurenek, baina bere ustez keinu horiek batzuentzat «sekula» ez dira nahikoa izango: «ETA desegitean beste zerbait eskatuko dute». ETAk amaierarik ez duelakoan dago Egiguren, baina presoen auziak irtenbidea duela uste du: «Egutegi bat egin behar da. Sakabanaketa egin zen, baina jada ez du zentzurik. PSOEk bide orri bat egin zuen, eta gaizki atera zen. Ez dakit ETAk badakien presoen arazoa konpontzeko zer egin behar duen». Egigurenen ustez, «zigor gehiegia jasotzen dute presoen senideek sakabanaketarekin». Bakea eta biktimak Gatazka egon badagoela uste du Egigurenek, eta gatazkaren ondorioak ikusten ari garelakoan dago: «Gatazka ez da inoiz bukatuko. ETAk 800 lagun hil ditu eta horietako askok seme-alabak dituzte, bilobak ere bai. Hildakoak ez dago pizterik, ez armarioan ezkutatzerik. Urte batzuk aurrerago hitz egingo da gatazkaz. Naziei buruzko filmak ez ziren egin 1980ko hamarkadara arte». Dena den, bakea gauzatzeko «ahaztea beharrezkoa eta positiboa» dela dio: «Bizitzako gauza txar guztiak burmuinak baztertuko ez balitu, ez ginateke biziko». Bere iritziz bakea «jendea bakean uztea» da, eta «bakea eginda» dagoela dio. «Falta dena da ETAren afera, presoena eta abar, soluzionatzea», zioen Egigurenek herenegun. Bere ustez, «asko dira biktimen kontura bizitza arreglatu dutenak, eta bizitza osoa horrela pasa nahi dutenak». GALi buruz zera esan zuen: «Hasieratik nengoen GALen kontra, ez dut sentitzen erantzukizunik, baina erantzukizuna baldin badaukat, hartuko dut». Euskadi eta Euskal Herria «Erlijioaz eta nazionalismoaz agnostiko» izatea gomendatzen du Egigurenek, «bi horiek eragindakoak baitira munduko gerra guztiak». Euskal Herriko abertzaletasunaren inguruan adierazi zuen gaur egun «Euskadi gehiago eta Euskal Herri gutxiago» egiten dela, «Nafarroa eta Iparraldea albo batera utzi eta EAEn zentratzen» baita eguneroko lana. «Egun, EAJn ia inork ez du Nafarroa Euskal Herrian irudikatzen. Sabinoren [Arana] teoriarekin ez dago Euskal Herria egiterik», gaineratu zuen. Egigurenen aburuz, «bada nazionalista dela esaten ez duen jendea, eta nazionalista dela dioena baino gehiago sentitzen duena Euskal Herria». Abertzaletasunaren ildotik, Sorturi ohartarazpena: «Sortu euforiko dago botoak jaso dituelako, baina urduri egon behar luke. Euskadin nazionalismotik ez da inoiz ezkerra kontsolidatu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide