Voltaia (Argazkia: Arnaitz Rubio)
Itaka eta Got Ham taldeen errautsetatik Voltaia sortu dute. Unai Eizagirre (abeslaria eta baxu-jotzailea), Ion Brakamonte (gitarrista) eta Jon Duran (bateria-jotzailea) hiruko zumaiarrak osatzen du proiektu berria, eta estreinako diskoa atera berri dute labetik, taldearen izen berarekin. «Gure musikak indarra transmititzen du, voltajeak bezala».
Hasieran, Itakarekin jarraitu nahi izan zuten, baina hainbat faktorek ezinezko egin zuten. «Ondorioz, Eizagirrek eta biok proiektu berri bat abiaraztea erabaki genuen, eta Itakako hastapenetan gurekin aritutako Jon Duran gehitu zitzaigun», adierazi du Brakamontek. Musikalki aipatutako beste bi taldeen antzeko ildoa jarraitzen du Voltaiak, baina «berrikuntza nabarmen batekin». Izan ere, hirukoaren doinua «elektrikoagoa» eta «pisutsuagoa» da. «Ahotsari dagokionez, orain beste abeslari bat dugu, eta hori ere antzematen da; garbiago kantatzen du. Bestalde, hirukote formatuak beste kutsu bat ematen dio taldeari».
Oro har, desertuko soinua jorratzen dute, AEBetako hegoaldeko rock doinu hori. Stoner musika, alegia. Abestien hitzek, berriz, punk izaera dutela aditzera eman du taldeko gitarra-jotzaileak. Izan ere, «kritika soziala egiten dugu gehien bat, egungo arazoei buruz: murrizketetatik hasita, immigrazio arazoetaraino. Herritar modura gauzak okerrera doazela ikusi dugu. Ez dakigu gobernu edo sistema honekin noraino iritsiko garen, baina honek alde batetik edo bestetik eztanda egin behar du, voltajeek bezala».
Lan «sendoa»
Zazpi abestik osatzen dute estreinako lana:
Urrun,
Gure Voltaia,
Atarian,
Erregerik ez,
Uda berri,
Motordun Zaldun eta
Orratzak abestiek. Errepertorio zabalagoa dute, eta gehiago ere grabatu zituzten, baina diskorako kopurua murriztea erabaki dute, «lan sendo bat» aurkezte aldera. Beren kabuz grabatu dute etxean eta entsegu lokalean, Unai Eizagirre taldekidearen gidaritzapean. «Abestiak atera ahala grabatzen joan ginen iaz, eta gustura gaude emaitzarekin», azaldu du Brakamontek. Konposizioak taldean egin badituzte ere, abestietako hitz gehienak Brakamontek idatziak dira. Autoekoizpenaren bidetik argitaratu berri dute, Imanol Sesmak eginiko diseinuarekin, eta Zumaiako Leize, Nikol, Metro eta Kabi tabernetan jarri dituzte salgai, bost euroan.
Taldea koipeztatzeko otsailean kontzertu bat eskaini bazuten ere, larunbatean egingo dute zuzeneko aurkezpen ofiziala Dardara kolektiboaren bigarren urteurreneko jaialdian. «Gogo betez gatoz Voltaia proiektuarekin, eta espero dugu jarraipen luzea eta aberatsa izatea».