Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zehaztu dituzte Zarauzko Kultur Mahaiaren hiru azpibatzordeen bilera egunak. Agenda komunikatiboaz arduratuko den lan taldea astelehenean elkartuko da; martxoaren 20an egingo du bilera herriko zein auzoetako jaien egitaraua jorratuko duenak; eta hilaren 31n, berriz, artea, ondarea eta azpiegiturei buruzko azpibatzordeak. Hiru bilerak 18:00etan izango dira, Etxezabalan.
Zarauzko Kultur Mahaiaren sarrerako bilera martxoaren 5ean egin zuten, eta herriko hainbat eragile bildu zen bertan udal ordezkariekin eta Turismo Bulegoko teknikariekin: Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko komisioa, Zarautz On, Zarautz Abesbatza, Nahia Artisau Elkartea, Artezaleak, Photomuseum Argazki eta Zinema Museoa, Kafe Torero, Conunpuntomas Sormen Tailerrak, Zazpi Kultur Elkartea, Haur Kultur Taldea, Ondarre, Zarautz Kantuan, Gurekin Jai batzordea, Schola Cantorum, Goiztarrak, Zarauzko Argazkizale Elkartea, Arkamurka, Zurekin Ostalarien Elkartea eta Garoa liburu dendako arduradunak, hain zuzen. Horiez gain, zenbait idazle, aktore eta artista ere bertaratu ziren.
Beste hainbatek ezin izan zuten joan, baina hurrengo bileretan eta lanerako azpibatzordeetan parte hartzeko asmoa erakutsi zuten, Iñurritzako jai batzordeak eta Putzuzulo gaztetxeak, kasu.
Bilera hartan Zarauzko Kultur Mahaiaren asmoen berri eman zuen Gari Berasaluze Kultura zinegotziak, eta aurrera begirako erronkei eta hurrengo urratsei buruz jardun zuen. Mahaiaren helburu nagusia eragile guztien lana balorean jartzea, koordinatzea eta ikusaraztea da.
Agenda bateratua
Zentzu horretan, agendaz, koordinazioaz eta komunikazioaz arduratuko den azpibatzorde bat izango du Kultur Mahaiak. Urtean zehar egiten diren ekitaldiak bateratu eta denen artean lehentasunak finkatzeaz arduratuko da. Dagoeneko hasi dira horretan. Ildo horretatik, aurrerantzean hilean behin leku publiko zein sare sozialetan zabalduko den eskuorria argitaratzea izango da batzorde horren egitekoa. Hain justu, kulturmahaia@gmail.com helbide elektronikoa jarri dute eragile guztien eskura, aurrerantzean antolatutako ekitaldien berri horren bidez emateko. Izan ere, Kultur Mahaia komunikatiboki eragile berria izatea da asmoa. Horren harira, Facebook eta Twitterren ere zabaldu dituzte profilak.
Beste bi batzordeak herriko zein auzoetako jaien ingurukoa eta kultur azpiegituren antolaketa eta funtzioari zein ondareari buruzkoak izango dira. Bileran horien nondik norakoak ere zehaztu zituzten, eta baita azpibatzordeen datozen hitzorduak ere.