Zestoako elkarretaratzea (Olatz Prat/Hitza)
Epaiaren zain gelditu dira 35/02 prozesuko auzipetuak. Bost hilabete pasako epaiketa izan da, Espainiako Auzitegi Nazionalera hamaika joan-etorri eta hamabi urte baino gehiagoko auzia. Mikel Arregi Ertxin zestoarrarekin hitz egin du UROLA KOSTAKO HITZAk, Madrildik bueltan zirela: «Sentsazio onarekin gatoz, batetik amaitu delako, eta pisu handia kendu dugulako gainetik. Horrez gain, defentsak akusazioaren tesia goitik behera bota du». Hori hala, sententzia zigortzaile bat ezartzea «oso zaila» jarri zaiela azpimarratu du.
Defentsaren txanda izan da aste honetan epaiketan, eta haren adierazpenek epaiketari beste bira bat eman dio: akusazioak argumentuak aldatu behar izan ditu behin eta berriro. Dena den, sentsazioak positiboak badira ere, kartzela zigorren, kultur elkarteen itxieren eta bestelako neurrien arriskuan daudela gogoratu du zestoarrak, kezkaz.
«Euskal Herriak hitz egin du»
Gaur izan da epaiketaren azken saioa, eta Floren Aoiz auzipetuaren hitzekin amaitu da prozesu luzea: «Euskal Herriak epaitu behar ditu gure ideiak, eta Euskal Herriak hitz egin du», esan du auzipetu guztien izenean. «Gure herriaren askatasuna eskatzen dugu, ideia politikoengatik inor gehiago jazarria izan ez dadin», adierazi du, eta epaiketa «estatuaren inmobilsmoa goratzeko» esparru bihurtu dela salatu, «ziurrenik auzitegietan irabazteko esparru politikoan galdu duena».
35/02 prozesuan auzipetuta daude Urola Kosta eskualdeko Joseba Permach eta Esther Agirre zarauztarrak, Mikel Arregi Ertxin zestoarra eta Azkoitiko Zakela Kultur Elkartea, Azpeitiko Orkatz Kultur Elkartea, Getariako Harralde Kultur Elkartea, Zarauzko Arrano eta Zumaiako Inpernupe. Lehengo asteko saioan absoluzioa eskatu zuen fiskalak Agirre eta Arregirentzat, eta lau urteko zigorra Permachentzat. Taberna eta elkarteei dagokienez, epaiketan zehar deklaratu dutenak ez daude auzipetuta, tabernen arduradun zibil bezala deklaratu dute. Hala ere, baliteke epaileak tabernen kontrako neurriak hartzea eta haiek itxi eta ondasunak bahitzea, nahiz eta ez den frogatu haiek ETA finantzatzeko tresna direnik.
Defentsako abokatuek hartu dute lehen hitza gaurko saioan: «Fiskalak onartu du ez dela frogatu ETAren finantzaketa, eta autofinantzaketa egotzi digu. Baina hori delitua al da?», galdetu du. Hala, perituen objektibitate falta salatu du defentsak: «Ez dute egia esan. Egin duten bakarra errudun jotzeko elemetuak bilatzea izan da».
Instrukzio fasean nahiz akusazio txostenean herriko tabernak ETA finantzatzeko tresna zirela argudiatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, baina ahozko epaiketan aitortu zuen ez zela hala. Gaurko saioan hori gogorarazi diete defentasako abokatuak aretoan bildutakoei: «Defentsako abokaturik onena fiskaltza izan da: esan du ez dagoela ETAren finantzaketarik. Bada, nahikoa da».
Herriko tabernak bahitzeko eskaeraren atzean literatura eta «kidetasun ideologikoagatik zigortzeko interes politikoa» besterik ez daudela adierazi dute defentsako abokatuek.
Eskualdean protestak
Azpeitiko Libre dinamikak epaiketaren balorazioa egin du, eta auzipetu guztien absoluzioa eskatu du. «Ez dugu onartuko lagun bakar bat ere zigortua izatea, ez dutelako inolako deliturik egin». Orkatz Kultur Elkartea «ixteko arriskuan» dagoela eta, kultur jarduerak aurrera eramateko «askatasun osoa» izan dezala aldarrikatu dute. «Herri honetan konponbidera iristeko oztopo dira horrelako epaiketak, eta euskal herritarrok dugun itxaropena zapuztea dute helburu», esan dute.
Bestetik, hainbat herritan elkarretaratzeak egingo dituzte gaur iluntzean 35/02 sumarioa salatzeko eta auzipetuei babesa adierazteko.
Eskualdetik haratago, EAJ eta Amaiur alderdiek ere auziaren balorazioa egin dute, eta auzipetuak absolbitzeko eskatu dute, «bakerako urrats gisa». «Nahikoa argudio eta tresna juridiko daude prozesu judizial hau bakerako aurrerapauso bat izan dadin, oztopo bat izan beharrean», esan du Amaiurrek. EAJk kasua artxibatzeko ere eskatu du, «prozedurak ez duelako gutxiengo oinarri juridikorik izan»: «Oraindik ere uste dugu dena da ETA printzipio hori aplikatzeak ez duela inolako zigor oinarri juridiko arrazoiturik, eta salbuespen egoeran erabili izana zuzenbideaz kanpoko arrazoi politikoek gidatua izan dela uste dugu. Ondorioz, eskatzen dugu sorburu politikoa izan duen praktika judizial hau ixteko».