Ur propiorik ez duten ustiapenak diruz lagunduko ditu Azpeitiko Udalak

Olatz Prat 2014ko martxoaren 12a

Azpeitiko Udalak ur iturburu edo gordailu propiorik ez duten nekazaritza-ustiategiei eta, halabeharrez, ur hornidura zerbitzu publikoa erabili behar dutenei, ur hornidura kostuak diruz lagunduko ditu. Atzoko osoko bilkuran onartu zen laguntza horientzako arautegia, «lehenengo sektorea bultzatu eta bizirik iraun dezan laguntzeko helburuz». Hala, hiruhileko fakturan 60 euroko (BEZ kanpo) gastua baino handiagoa badu, ur kontsumo kosetaren %70eko diru-laguntza jasoko du. Baldintzak bete behar Diru-laguntza hauek lortu nahi dituzten baserritarrek, ordea, baldintza batzuk bete behar dituzte. Ustiategia Azpeitian kokatuta egotea da oinarrizko baldintza eta horren egiaztagiria aurkeztu beharko da. Bestetik, Kalkulatutako Nekazaritzako Lan Unitatea, hau da, NLU koefizientea 0,5 baino handiagoa izatea beharrezko izango da. Gainera, dagokien jarduera betetzeko sektoreko araudiek eskatzen dituzten baimen guztiak edukitzea eskatuko da, horien egiaztagiriak aurkeztuz. Laguntza lortuz gero, ordainketa sei hilabetez behin egingo da, ordaindutako fakturen ordainagiriak aurkeztu ondoren. Laguntza hauen finantzaketa Udal Aurrekontuetan helburu honetarako aurreikusitako partidatik egingo da, kopuru hori izanik udalak emango duen gehiengoa. Deialdia udaberrian Behin oinarriak onartuta, Udalak deialdia udaberrian egitea aurreikusten du. Hori egin ostean eskatu ahal izango dituzte laguntzak baldintzak betetzen dituzten baserritarrek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide