XXI. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiaren aurkezpena (Ane Olaizola)
Martxoaren 22an jokatuko dute Diego Garciaren Oroimenez XXI. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia. Xeye atletismo taldeak prest du lasterketa, eta beste urte batez mailari eutsi eta «punta-puntako» korrikalariak izango direla aurreratu du Agustin Jimenez antolatzaileak: «Munduko txapeldunak eta joko olinpikoetan parte hartu duten korrikalariak etorriko dira». Aurreneko zerrenda kaleratu dute dagoeneko, eta aldaketak egon daitezkeen arren, izen esanguratsu batzuk aipatu dituzte: gizonezkoetan, Goitom Kifle eritrearra, Joseph Ebuya, Emmanuel Bett, Moses Masai, Freddy Sittuk, Edwin Kipsang eta Korio Alex Opoitiptip keniarrak, Thomas Ayeko ugandarra, eta Pedro Nimo del Oro eta Eliseo Martin Omenat espainiarrak izango dira, besteak beste.
Emakumezkoetan, berriz, Malika Asahssah marokoarra, Bornes Jepkirui keniarrak eta Azucena Diaz Calvo Santutxuko taldeko atletak hartuko dute parte, besteak beste. Iaz omendu zuten Asier Cuevas ez da izango aurten proban.
Atzo aurkeztu zuten lasterketa antolatzaileek, Azkoitiko eta Azpeitiko udal ordezkariek, Diego Garciaren senideek eta txapelketako babesleek. Maratoi erdia 16:30ean hasiko da, Azkoitiko Julio Urkijo kaletik. Iaz bezala, lasterketa herrikoia ere egingo dute aurten, eta ordu laurden lehenago hasiko da 7,5 kilometrotako proba. 500 lagunek parte hartzea aurreikusten dute lasterketa herrikoian.
1.500 lagunentzat prestatu dute maratoi erdia, eta dagoeneko 700 korrikalari inguruk eman dute izena. Hilaren 20ko gauerdira bitartean eman daiteke izena, baina etzitik aurrera egiten dutenek bost euro gehiago ordaindu beharko dute. Azkoitiko Plaza Berri Sport dendan, Azpeitiko Robers Kirolak eta Aitzaki Kirolak saltokietan eta Donostiako Robers Kirolaken eman daiteke izena; Internetez,
www.kirolprobak.com helbidean inskribatu daiteke.
Prezioa mantendu egin dute aurten, eta beraz, atletismoan federatutakoek eta txipa dutenek 18 euro ordainduko dute, eta txipa ez dutenek 21 euro. Federatuta ez daudenek baina txipa dutenek ere prezio horretan izango dute inskripzioa, eta federatu gabekoek eta txipik ez dutenek 24 euro ordainduko dute. Aurtengoan aldaketak izango dira dortsalen eta txipen banaketan; izan ere, ez dituzte irteera lekuan banatuko, Azkoitiko Elkargunean baizik. Lasterketaren bezperan, ostiralean, 18:00etatik 20:00etara jaso ahalko dira, eta larunbatean 11:00etatik 16:00etara artean.
Iaz hala izan bazen ere, aurtengo lasterketan ez dute jokatuko Gipuzkoako Maratoi Erdiko Txapelketa, baina lehenengo gipuzkoarrarentzat sari berezia egongo da. Horrez gain, ludoteka zerbitzua mantendu egingo dute Azpeitian, eta dutxatzeko aukera egongo da hango igerilekuan.
Korrikalariak, aplikazioekin
Lasterketaren berrikuntzetako bat sakeleko telefonoetarako eta tabletetarako egokitutako Runloc aplikazioa izango da. Txiparekin sinkronizatuta egongo da aplikazioa, eta horren bidez korrikalariak denbora errealean bilatu eta jarraitu ahal izango dira. Doan jaitsi eta erabili daiteke.
Guztiek goraipatu dute lasterketa, «ohore handikoa» delako. Pello Bastarrika Azkoitiko alkatearentzat, «herriko seme baten izenean egiten den karrera izateaz gain, herritarrek parte hartzen dutelako eta herria kanpoan sustatzeko balio duelako». 300 boluntario arituko dira lanean egun horretan, eta probaren antolakuntza azpimarratu du Manuel Unanue Azpeitiko Kirol zinegotziak. «Musutruk jarduten duten talde honi gero eta esker gehiago eman behar zaizkio, izugarrizko lana egiten dutelako».
Mikel Odriozola Gipuzkoako Atletismoko Federazioko presidenteak, bere aldetik, txapelketa «ilusio handiz» bizitzen dutela azpimarratu du: «Gipuzkoan nazioarteko proba bat izatea oso polita da, eta pixkanaka ikusten ari gara gauzak ondo egiten ari garela. Federazioak beti lagunduko du halako probak mantentzeko».
Egoera ekonomikoa «zaila» den arren eta babesle kopurua gutxitu bazaie ere —
El Diario Vasco egunkaria da aurtengo babesle bakarra—, iaz baino aurrekontu handiagoa izango du lasterketak, besteak beste, laguntzaileei esker. 90.000 euro dituzte proba aurrera eramateko, eta diruz eta materialez lagundu duten erakundeak, enpresak eta eragileak eskertu ditu elkarteak. Bi udalek, dirua emateaz gain, «erraztasun asko» jartzen dutela azpimarratu dute. Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere diruz laguntzen dute proba.