Iratxe Retolaza (Dani Blanco)
«Isilarazitako gorputzei ahotsa emateko», askotariko egileen askotariko artikuluak batu eta
Genero ariketak. Feminismoaren subjetuak bilduma osatu du EDO! argitaletxeak. Gaur aurkeztuko dute Garoan 19:30ean, liburu denda horrek Zarauzko Bilgune Feministarekin elkarlanean antolatutako jardunaldian. Besteak beste, Iratxe Retolazak (Donostia, 1977) koordinatu du lan hori. Horren nondik norakoak kontatu dizkio HITZAri.
Zein da liburu honen helburua? Zer islatu nahi izan da horrekin?
Euskal Herrian feminismoaren inguruko ekarpen berriak lantzen ari diren pentsalari, artista eta idazleak biltzea izan zen asmoa, baita Euskal Herrian mugimendu feministak azken urteotan eztabaidagai izan dituen zenbait gai biltzea ere, zenbait testu euskaratuz, eta beste zenbait sortuz. Askotariko jendea, kolektiboak, ekintzaileak… ari dira gai hori astintzen, eta hori ikustarazi egin nahi genuen halako bilduma kolektibo baten bitartez. Horretan ari ginela, gainera, Amaia-Aimar Elosegi gaztearen heriotzaren berri izan genuen, eta baita Hernanik egin zion omenaldiaren berri ere. Urgentziazkoa iruditu zitzaigun indarkeria sinboliko hori agerian uztea, eta eztabaida piztea, heriotza horren ardura kolektiboaz jarduteko [transexuala zen eta bere buruaz beste egin zuen 2007an].
Artikuluz osatutako bilduma da. Zer motatako artikuluak dira?
Bildumarena nahita harturiko erabakia da. Izan ere, asmoa gorputz esperientzietatik pentsamendurantz eginiko ibilbidea adieraztea zen, eta argi dago ibilbide hori ere testu generoetan nabari dela. Gorputz esperientzia adierazteko testu-genero egokienak gutunak, lekukotza-testuak… izan ohi dira, eta hain zuzen ere, horiek dira Baina gorputzak dio lehen atalean bildu-
takoak. Iritziak garatzeko, aldiz, bestelako testu-generoak dira egokiagoak: iruzkinak, manifestuak, arte-kritikak… eta horiek bildu ditugu bigarren atalean, Baina ispiluak dio izenekoan. Testu akademikoak dira, berriz, pentsamendua garatzeko testu-genero ohikoenak, eta horiek bildu ditugu Baina pentsamenduak dio azken atalean. Azken batean, liburuaren ibilbide horri erantzuten diote testu-genero anitz horiek ere. Pentsamenduaren garapenaren bitartez, gorputz ikusezin horiek ikusi ahal izateko kodeak eskaini nahi ditugu, beste gorputz eredu zenbait ere ikusi ahal izateko trebatu beharra dagoelako, eta jaso ditugun kodeak deseraiki beharra dagoelako.
Glosario bat ere gehitu diozue, ezta?
Liburuaren amaieran Amaia Alvarez Uriak apailaturiko glosarioa dugu, eztabaidarako oso tresna aproposa. Gai honen inguruko hainbat glosario osatzen ari dira une honetan, badira hainbat proiektu martxan, eta liburu honetako glosarioak ere horretan ekarpena egin nahi du. Batetik, kontzeptuak ezagutzen ez dituen jendeari horiek ulertzeko lehen urrats bat eskaintzen du; eta bestetik, kontzeptu eta pentsamendu (trans)feministan dabilen jendeari, horiek birpentsatzeko aukera ematen die.
Zein irizpide jarraitu dituzue artikuluak aukeratzeko?
Batetik, jada han-hemenka itzulita zeuden lan batzuk bildu ditugu; bestetik, Euskal Herriko pentsamendu feministan eragiten ari ziren testuak biltzea pentsatu genuen, eztabaidagai horiek jasota, une honetan mahai-gainean zeuden gogoetak ikusgarri egiteko. Bestalde, testu berriak ere nahi genituen, eta gai honetan ari diren lagunei ekarpenak eskatu genizkien. Esaterako, Amaia Alvarez Uriaren eta Ainhoa Güemesen testuak, espresuki libururako eginak.
Nolakoa izan da hori guztia koordinatzeko lana?
Isa Castillok eta biok egin dugu koordinazio lana, eta bizpahiru urtetako prozesua izan da. Borondatezko lana du oinarri EDO! argitaletxeak, eta itzulpenak zein artikulu berriak borondatez egin ditu jendeak. Hortaz, horrek ere eskatzen zuen patxada. Gainera, liburu kolektiboa da, eta modu kolektiboan hartu nahi genituen erabakiak ere: izenburua, azala, hitzaurreko hitzak... liburuko parte-hartzaileek proposamenak egin dituzte, eta horien berri eman diegu gainerakoei, eta horrela, jendearen oniritzia izanda joan gara pixkanaka aurrera egiten.
Non eskura daiteke artikulu bilduma hau?
Anti (Bilbo), Garoa (Zarautz), Katakrak (Iruñea), KaXilda (Donostia), eta Zuloa (Gasteiz) liburu dendetan dago . EDO! argitaletxean ere eska daiteke, eta etxean jaso, mezua bidalita argitaletxeaedo@gmail.com helbidera.