Ganso & Cia antzerki talde bizkaitarrak etxeko guztiei zuzendutako
Babia komedia poetikoa eskainiko du igande honetan Modelo antzokian, 17:00etan hasita. Biltegi batean lan egiten duten bi lagunen gorabeherak taularatuko dituzte Gorka Ganso eta Txefo Rodriguez aktoreek, Iñaki Rikarteren zuzendaritzapean. «Guztiok egon gara noizbait babian; hau da, txoritan, galduta, despistatuta, alboan daukazunaren beharrak edo sentimenduak kontuan hartu gabe. Horrela dabil bikote hau, lan egiten eta bakoitza bere zilborrari begiratzen», aditzera eman du Gorka Gansok.
Kutxez beteriko biltegi horretan egun guztiak berdinak dira, aurrekoa eta hurrengoa bezalakoak. «Egun batean gauza larri bat gertatuko da, eta horrek aldaketa sakon bat eragingo du haien bizitza bakartietan», azaldu du aktoreak. Egun horretan telefonoak jotzeari utziko dio, eta, ondorioz, haien baitan egoteari utzi eta elkarri begiratzera behartuta egongo dira.
Babia ikuskizun mutua da, eta aktoreak hitzik esan gabe ariko dira saioan zehar, gorputz espresioa lengoaia unibertsala erabiliz. «Gorputzak uste duguna baino askoz gehiago hitz egiten du. Kuriosoa da hain hizkuntza unibertsala izanik horren gutxi kontrolatzea...», nabarmendu du Gansok.
Alde horretatik, «hilabete askotako lan sakona izan da hitz eta esaldi zehatzak aurkitzea. Ez da erraza, baina lortzen duzunean oso komunikazio bitxia sortzen da ikusleen eta antzezleen artean». Umorez eta gizatasunez beteriko sortze lana da Ganso & Cia taldeak aurkeztuko duena: egunerokotasunari buruzko istorioa da, eta laguntasuna, lana eta irudimena izango ditu ardatz.
Babia antzezlan «unibertsala» dela adierazi du aktoreak. Unibertsala da ez bakarrik hizkuntza aldetik, baita ikuslegoaren adinaren aldetik ere. «Saiatzen gara adin guztietako pertsonak hunkitzen, dibertitzen eta harritzen». Horretarako, «xehetasunez betetako eskenografia erakargarri baten barruan sartu ditugu gaur egungo bi pailazo ganorabako, istorio sinple eta hunkigarri bat kontatzeko».