Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbat goizean Orioko plaza kirol giroan murgildu zen bete-betean. Lau herri eta helburu bakarra: Kilometroak 2014ko Kirol Erronkako bandera etxera eramatea. Arraun estropadetan gertatzen den moduan, herri bakoitzaren ohorea zegoen jokoan, eta azkenean herritarren animo oihuez lagunduta oriotarren taldeak irabazi zuen bandera preziatua.
Gainera, norgehiagokaren gainetik kirolarien arteko laguntasuna eta giro ona nagusitu zen. «Kirolaren ardatzetako bat laguntasuna da. Kirolariok oso ondo ulertzen dugu elkar; badakigu helburu bat lortzeko gogor lan egitea zer den. Kirol erronkan parte hartu genuen kirolariok denon arteko giro ederra nabarmendu genuen, eta hori oso ona da», azaldu du Hossain Kaanache antolatzaile eta parte-hartzaile oriotarrak.
Antolatzaileek hasieratik ezarri zituzten helburuak bete ziren:«Herritarrek kirolaz gozatzea nahi genuen, eta erantzuna primerakoa izan zen».
Korrika Kaanache azkarrena
Lehia estua izan zen larunbatekoa, eta lau proba izan zituzten aurretik parte-hartzaileek. Oria ibaian igeriketako probarekin abiatu zen kirol ikuskizuna. Ur hotzari eta ibaiko korronteari aurre egin behar izan zieten lau igerilariek, eta Maider Gaztañaga tolosarra izan zen azkarrena. Jarraian txirridulariek hartu zuten lekukoa, eta Abraham Olano txirrindulari ohiak forman zegoela erakutsi zuen beste behin.
Arraun norgehiagokan oriotarrentzat izan zen garaipena, Iñigo Mujikak 3.000 metro 10:11 segundotan osatuta.
Korrikako proba izan zen azkena. Hossain Kaanache oriotarrak jakin bazekin tolosarrari minutu eta 41 segundoko aldea ateratzen bazion talde oriotarrak geraipena lortu zezakela. «Oso gustura aritu nintzen. Proba hasterako kalkuluak atera nituen, eta Tolosak ateratzen zigun denbora berreskuratzea zen nire asmoa. Aitortu behar dut oriotarren animo oihuek asko lagundu zidatela garaipena lortzen», azaldu du Hossain Kaanachek.