Zestoako Gure Esku Dago dinamikaren aurkezpena ostiralean (Ane Olaizola)
Erabakitzeko eskubidearen alde Euskal Herrian lan egiten ari den Gure Esku Dago dinamika saretzen ari da herriz herri, eta Azkoitian eta Zestoan ere martxan jarri dute mugimendua. Inguruko herrietan «lan handia» egiten ari direlakoan, herritarrak martxan jarri nahi dituzte egitasmo honen bidez. Era berean, atxikimentu pertsonalak pilatuz, gehiengo sozial, sindikal, politiko eta insituzionalak eragin nahi dituzte, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria agenda politikoan eta sozialean egon dadin. Horretarako, herri bakoitzak bere lanketa eta antolatzeko modu propioa izango ditu, eta Zestoan eta Azkoitian prest dute dinamika.
Iazko urte amaieran jarri zuten abian Azkoitian Gure Esku Dago dinamika, eta ordutik forma ematen aritu da taldea. «Bost lagun inguru gaude dinamikan, eta gure asmoa da pixkanaka taldea osatzen joatea», adierazi dute. Asmo horrekin egitasmoa aurkeztuko dute bihar; Angel Oiarbide sortzaileetako batek hitzaldia emango du, 19:00etan, Elkargunean, eta ekimenaren nondik norakoak azaltzeaz gain, helburuak plazaratuko ditu. «Azkoitiko lanketa zehazten joateko herrian arloz arlo lanean dabiltzan eragileak gonbidatu ditugu». Dena den, hitzaldia herritar guztientzat irekia izango da, taldeak argi duelako: «Atxikimenduen arabera, aukerak gehiago izango dira».
Ekintzak zehazten
Dinamikaren aurkezpena izango da biharkoa, eta aurrera begira beste hainbat ekintza egingo dituztela aurreratu dute; besteak beste, herriko norbanakoen eta eragileen atxikimenduak biltzen hasiko dira, eta maiatza aldean argazki jendetsu bat ateratzeko asmoa dute.
Oraingoz egitasmoak harrera ona izan duela adierazi du taldeak, eta esperantzaz hartzen dute geroa. Hala, helburuarekin bat egiten dutenei dei egin diete parte hartzera. «Eskozian eta Katalunian egingo duten bezala, Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea gauzatzeko agenda politikoan egotea nahi dugu. Ez dago inongo mugarik parte hartzeko, alderdietatik kanpoko mugimendua baita». Hain zuzen, Zestoan egin duten aurkezpenean egitasmoaren aniztasuna azpimarratu dute, hori baita dinamikaren irizpideetako bat: «Sentsibilitate guztien topagunea da. Ezberdinen arteko erlazioa bilatu nahi da, ekintza bateraturako eta eraginkorrerako jokaleku egokia sustatuz».
Sei lagunek abiatu dute Zestoako Gure Esku Dago, eta Mikel Muñoak aurkeztu zuen ostiral iluntzean egitasmoa. Dozenaka herritarren aurrean berretsi zuten erabakitzeko eskubidea «unibertsala eta demokratikoa» dela. Horretarako herritar guztien laguntza behar dutelakoan, atxikimenduak biltzen hasi dira Zestoan ere. Aldarrikapen «aurre-politikoa» dela nabarmendu dute: «Herrian determinazio librerako eskubidea aintzat hartu eta hori gauzatzea bermatzen duen Europaren aldeko hautua egiten dugu».
Herritarrei laguntza eske
Bi herrietan azpimarratu dute «modu positiboan» lan egingo dutela. Epe jakin batzuen barruan osatuko dute lanketa propioa. Izan ere, Euskal Herri mailan egingo duten ekintza nagusia izango da ekainaren 8ko giza katea. Durango eta Iruñea artean osatuko dute 123 kilometrotako giza katea, eta horretarako 100.000 lagun elkartzea dute helburu. Kilometro bakoitza 400 lagun inguruk osatzea aurreikusten dute. Azkoitiak, esaterako, Zumarragan izango du kilometro propioa, eta metroak saltzen aritzen dira larunbat goizero. Herriko plazan jartzen dute postua, eta han ematen dute informazio osoa. Egitasmoarekin bat egiteko eskatu diete herritarrei, atxikimenduak eman edo taldean lagundu eta parte har dezaten.