Nafarroa kalean biribilgunea egingo dute. (Aritz Mutiozabal)
Aurten 31,4 milioi euroko aurrekontua izango du Zarauzko Udalak, iaz baino %6,75 gehiago, eta diru kopuru horretatik 2,2 milioi euro inbertsiotara bideratuko ditu; 2013an baino %48 altuagoa izango da diru atal hori aurten. Batetik Nafarroa kalean biribilgunea egingo dute N-634 errepidean butxadurak ekiditeko, eta 295.000 euro ordainduko du horretarako. Aurrekontu horretatik 128.000 euro aldundiak jarriko ditu. Lanak uda baino lehen amaitzeko asmoa du udalak. Mugikortasunari lotuta, zenbait kale asfaltatuko dituzte aurten, besteak beste, Mitxelena eta Santa Klara kaleak. Horiek 100.000 euro kostako dira.
Bestetik, olatuek eragindako kalteak konpontzeko 211.000 euro baliatuko ditu. Gainontzeko txikizioak bestelako erakundeek finantzatuko dituzte, Espainiako Ingurumen Ministeriko Kosta Zuzendaritzak, besteak beste. Horrekin batera, Asti txukuntzeko 600.000 eurotik gora baliatuko ditu bi urtetan. Aurten 430.000 euro kostako zaio udalari bertako argiteria zabaldu, errugbiko aldagelak egin eta atletismo pista sortzea.
Sustapen sozioekonomikoan «indar berezia» egingo du, eta horretarako 334.000 euro gorde ditu udalak. Zentzu horretan, diru laguntzak emango ditu enplegua eta ekintzailetasuna sustatzeko, kasu. Urola Kostako Udal Elkartearekin ere elkarlanean jarraituko du, eta 65.000 euro bideratuko ditu horrek brigadak sor ditzan. Gizarte zerbitzuen aurrekontua ere altuagoa izango da aurten; %16 zehazki. Ildo horretatik, laguntzak emango ditu behar bereziak dituztenentzat—20.000 euro—, gizarte larrialdietarako—115.000 euro—, garapen bidean dauden herrialdeentzat—170.000 euro— eta norbanakoentzat—65.760 euro, iaz baino 50.000 euro gehiago—. Maria Etxe Txikiko azken apartamentuak hornitzeko 46.000 euro ordainduko ditu.
Neguetxeko eskaintza zabaltzeko konpromisoa ere hartu du—bertan jangela soziala atontzeko edo ordutegia zabaltzeko—, eta iaz baino 17.000 euro gehiago bideratuko ditu zentzu horretan, guztira 53.000 euro. Orokieta Herri Eskolako azpiegiturak hobetzeko 90.000 euro bideratuko ditu, eta Igeraingo parkea estali egingo dute. Obra osoa 316.000 euro kostako da, eta aurten 120.000 euro ordainduko ditu horretarako. Uda ondoren hasiko dira lanekin.
Kulturari dagokionez, aurten Musika Eskola egonkortu eta Modelo txukuntzea izango da udalaren asmoa. 211.000 euro bideratuko ditu Imanol Urbieta Udal Musika Eskolaren kudeaketara, eta 100.000 euro ekipamendua erosi eta eraikina hotsgabetzeko. 100.000 euro baliatuko ditu Modelorako proiektore digital bat erosi eta aretoa txukuntzeko. Horrekin batera, 40.000 euroko inbertsioa egingo du erakundeak Sanz Eneako teilatua txukundu eta Ebro Etxeko sarrera egokitzeko.
«Akordio zabala»
«Inoizko» kontrako boto gutxienekin eta «akordio zabalenarekin» osatu ditu Udal Gobernuak aurrekontuak. Iñaki Eizagirre Ogasun zinegotziak adierazi du udal eragile guztiekin akordioetara heltzeko borondatea izan dutela, eta «alderdi, udal langile, auzo eta herritarren ahotsa jaso» dutela. Gogoratu du aurrekontuak osatze aldera ekarpenak egiteko parte hartze prozesu bat antolatu zuela udalak, eta Interneten eta herriko hainbat puntutan jarritako postontzien bidez ere proposamen ugari jaso dutela.«Udala oso gustura dago egindako lanketarekin eta jasotako babesarekin», aitortu du: «Adosturiko aurrekontuekin herritarren beharretara ezin hobeto moldatuko gara».
Ostegunean egin zuten ezohiko udalbatzarra aurrekontuak bozkatzeko, eta gehiengoz onartu zituzten, behin-behinean. EAJ eta PSE-EE abstenitu egin ziren, eta Ezker Anitzak eta PPk kontra bozkatu zuten. Ezker Anitzako Mariana Aranburuk eta PPko Maria Jose Lafuentek bat egin zuten kontrako botoa ematekoan: biek ala biek Udal Gobernuarengan «konfiantza falta» zutela nabarmendu zuten.
PSE-EEk askotariko emendakinak aurkeztu zituen plenoan, baina ez zuten babesik jaso. Hala ere, abstenitzea erabaki zuen alderdi horrek, aurrez egindako hainbat proposamen—Orokietari dagokiona, kasu— dagoeneko jaso dituztelako Udal Gobernuak proposatutako aurrekontuetan. EAJk, bere aldetik, «aurrekontuak edukitzea garrantzitsua delako» erabaki zuen abstenitzea.
ZENBATEKOAK:
Aurrekontu orokorra:
-
Udalaren aurrekontua 2014rako. 31.477.169 euro, iazkoa baino %6,75 altuagoa.
Inbertsio nagusiak:
- Inbertsioen zenbatekoa. 2,2 milioi euro, iaz baino %48 gehiago.
- Nafarroa kaleko biribilgunea. 295.000 euro jarriko ditu udalak. Horietatik 128.000 euro Aldundiak jarriko ditu.
- Asfaltatzea. 100.000 euro.
- Itsasoak eragindako kalteak. 211.000 euroko partida jaso dute udalari dagozkion lanak egiteko.
- Parke estalia. Igerain plazako parkea estaliko dute eta horrek 316.000 euroko kostua izango du. Aurten 120.000 euro baliatuko dituzte horretarako.
- LED argiteria. 134.000 euroko partida jaso dute herriko argiteria aldatzeko.
- Modelo. 100.000 euro. 60.000 euro proiekture digitala erosteko baliatuko dute eta gainontzeko aurrekontua eraikina txukuntzeko.
- Hondartzako aparkalekua. Hori txukuntzeko 260.000 euro erabiliko dituzte.
- Asti kirolgunea. Aurten 430.000 euroko partida gorde dute bertako argiteria hobetu, errugbiko aldagelak eta atletismo pista egiteko.
- Neguetxea. 53.000 euro jaso ditu jangela soziala egiteko ala ordutegia zabaltzeko .
- Musika Eskola. 211.000 euro bideratuko dituzte kudeaketara eta 100.000 euro inbertsioetarako, besteak beste, ekipamendua erosi eta insonorizatzeko.
- Ebro Etxea eta Sanz Enea. Sanz Eneako teilatua konpondu eta Ebro Etxeako sarrera egokitzeak 40.000 euro kostako du.
ongizatea
- Ongizateko diru laguntzak. Diru-laguntzak emango dituzte : 20.000 euro behar bereziak dituztenei, eta 65.760 norbanakoentzat eta gizarte larrialdietarako 115.000 euro.
- Babespeko apartamentuak. Maria Etxe Txikiko azken apartamentuak hornitzeko 46.000 euro baliatuko ditzute.