Brossaren gutunean dago gakoa

Aritz Mutiozabal 2014ko martxoaren 11

Duela urtebetetik Brossun City film dokumentalarekin buru-belarri dabil Jesus Etxarte azpeitiarra, eta, orain, aipatutako proiektua Sony PROduction Awards sarietarako (productionawards.sony.eu) aukeratu dute, mundu zabaleko «maila handiko» beste 200 lan ingururekin batera. Bartzelonan bizi da Etxarte, eta bertan abiarazi du ekoizpena, Xarxa1 elkartearen babesean. Azpeitiarra zuzentzen ari den filma, izatez, Xarxa1-en lehen proiektua da. Elkartearen helburua kultura, hezkuntza eta artearen arlo guztiak mugiaraztea da. Unibersitateko ikasleak, arte ederretako jendea, diseinatzaileak, musikariak, operako jendea, dantzariak eta antzerkilariak aterki beraren azpian bildu eta egitasmo berri bati ekin diote, hainbat instituzioen laguntzarekin; besteak beste, Bartzelonako Lizeoa, Bartzelonako Udala, CoNCA eta MACBA. «Gisa horretan, proiektuari hasiera eman ahal izan diogu», aditzera eman du Etxartek. Proiektu «anbiziosoa» da, beste herrialde batzuetako erakundeekin eta museoekin elkarlana eskatzen duelako. Oraindik, ordea, ezin izan dute aurrera eraman ahal izan finantzazio faltagatik. Bitartean, aurrerapen bideo bat landu dute, filma izango denaren aurkezpen lagina, han eta hemen erakusteko. Eta, hain justu ere, hori da Sonyren ikus-entzunezko lehiaketara aurkeztu dutena. Onespena kanpotik Sony PROduction Awards sarietarako hautaketak proiektua gauzatzeko eta finantzazioa lortzeko lagungarri izango zaiela pentsatzen du egile azpeitiarrak. «Hemen eta toki askotan ohitura txar bat dago: kanpotik datozen gauzak etxekoak baino hobeak direla pentsatzen da. Beraz, kanpotik esaten badute egiten ari garena ona dela, bada, etxean ere bai», nabarmendu du barrezka Etxartek. Sony-k ikus-entzunezkoen alorrean esperientzia duten zortzi lagunez osatu du epaimahaia. «Kriterio handiko jendea» dela gaineratu du Etxartek. Taldetxo horrek aukeratu ditu filmak lehiaketarako, eta hortik aurrera ikuslearen esku egongo da nork irabaziko duen. Izan ere, atzo zabaldu zuten bozkatzeko epea, eta apirilaren 7ra arte iraungo du. Interneteko erabiltzaileek emandako babesak erabakiko dute irabazlea; boto gehien jasotzen duenak, alegia. Gutxi gorabehera, mundu osoko 200 lan daude. «Norbere lana ezagutzera emateko aukera ezin hobea izateaz gain, nazioartean ikus-entzunezkoen esparruan zer egiten den ikusteko erakusleiho itzela da. Gure kasuan, pixka bat abanguardiako proiektu bat da. Gauzak egiteko era berri bat proposatzen dugu, ez delako ohiko dokumental bat», esan du Etxartek. «Lan taldean oso gustura gaude, ilusioa dugu, eta hori guztia munduan zehar erakustea nahiko garrantzitsua da guretzat». Ekoizpen irabazlearen egileari filmaketetarako kamera profesionala oparituko dio Sony etxeak, sari gisa. «Egia esan, oso ongi etorriko litzaiguke». Hala eta guziz ere, jakin badaki saria xumea dela, ikus-entzunezkoak nazioarte mailan izan dezakeen zabalkundearekin alderatuta. Joan Brossaren gutuna Brossun City izenburuak Joan Brossak asmaturiko argota du oinarri. Etxartek azaldu duenez, 1950eko hamarkada hasieran  Dau al Set talde abangoardistako kide izan zen olerkari eta antzerkigile katalana, Antoni Tapies, Modest Cuixart eta Arnau Puig bezalako garaiko artista intelektualekin batera; eta taldekideek beren artean hitz egiteko argot hori erabiltzen zuen. Ondorioz, pelikulan argot hori ageri da, baina ez da hizkuntza bakarra izango, japoniera eta katalana ere entzungo baitira. «Aurrerapen bideoan Joan Brossaren gutun bat entzun daiteke, argotean, eta hortik abiatzen da filmaren proiektu guztia». Etxarteren arabera, gutun horrek ematen du «pelikula guztiaren gakoa». Bestalde, filmean askotariko argotak erabiliko dituzte: «Arlo asko ukituko ditugu, jende askoren parte-hartzearekin, bai musika aldetik, bai film egitura aldetik, bai pentsamendu aldetik... Gauza asko uztartuko ditugu, egia esan». Lokalizazio ugari Kulturartekotasuna eta aniztasuna agerikoa da aurkezpen ikus-entzunezkoan, eta aniztasun hori filmaren lokalizazioetan ere aplikatu nahi dute. Zati bat Bartzelonan filmatu dute, eta aurrera begira, batetik bestera ibiltzeko asmoa dute; Miamin (AEB) eta Japonian, besteak beste. Era berean, Jorge Oteiza artista oriotarraren omenezko ekitaldi bat egitekoak dira aurki Bartzelonan bertan, eta jardunaldi hori filmean barneratu nahi dutela azaldu du. «Ez da ikus-entzunezko konbentzionala, baina genero aldetik, denetarik izango du: akzioa, jazarpenak, artea, dogma, Kurosawa...». Zuri-beltzean filmatuko dute, eta ordu eta erdi inguru irautea espero dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide