Urola Gustagarri egitasmoak bertako ekoizle, produktu eta jatetxeen lana bateratu du

Olatz Prat 2014ko martxoaren 7a

Martxoaren 7tik apirilaren 27ra bitartean, Eusko Labeldun arkumea ardatz hartuta, menu bereziak eskainiko dituzte eskualdeko hamaika jatetxek. Horrez gain, bailarako ekoizleen lana eta ekoizpen prozesuak ezagutzeko bisita gidatuak eta degustazioak antolatu dituzte Urkomek eta Iraurgi Berritzenek, elkarlanean.

Urola Gustagarri egitasmoko parte-hartzaileak (Olatz Prat/Hitza) Urkomek eta Iraurgi Berritzen-ek Urola Gustagarri egitasmoa sortu dute, eta ostiralean aurkeztu zuten Azpeitian. Eskualdeko ekoizleen eta jatetxeen jardunak bateratu eta, bertako produktuak balorean jarriz, aisialdi eta turismo eskaintza berri bat da Urola Gustagarri. Egitasmo honen bitartez, martxoaren 7tik apirilaren 27ra bitartean eskualdeko hamaika jatetxek arkumea eta arkumetik eratorritako produktuak ardatz izango dituen menu bereziak eskainiko dituzte. Horrez gain, data horien artean, eskualdeko baserrietara eta ustiategietara bisita gidatuak antolatu dituzte, bertako bizimoduak, lan egiteko modua eta produktuen ekoizpen prozesuak ezagutzeko. Gainera, hitzordu gastronomikoak ere egingo dituzte: dastaketak, sektoreko topaketak eta azoka bereziak, esaterako. Landa garapena eta ostalaritzaren jarduera ekonomikoak, biak sustatzeko asmoz, bat egin dute Urkomek (Urola Kostako Landa Garapen Elkartea) eta Iraurgi Berritzen Urola Ediko Garapen Agentziak. Gainera, bailarako ohiko turismo eskaintza ere indartu nahi dute, bisitaldi turistikoei elementu gastronomikoa gehituz. Jatetxeek eskainiko dituzten menuak, erreserbatzeko bideak eta apirilaren 27ra bitarteko ekintzen egitarau osoa ikusgai dago www.urkome.net webgunean eta hainbat saltoki eta gune turistikotan banatutako eskuorrietan. Arkumea, bertakoa, garaikoa Arkumea izango da Urola Gustagarriren lehen aldi honetako ardatza. Urkomeko lehendakari Manuel Labakak adierazi zuenez, «euskal esne bildotsa aukeratu dugu lehen produktu bezala, alde batetik, orain baita haien garaia, eta bestetik, tradizio handia dagoelako gure lurretan arkumeak hazteko». Antolatzaileek egitasmoak jarraipena izatea nahiko lukete. Lehen saio honen balorazioa egitean, udazken aldera, garaiko eta bertako beste produktu bat aukeratu eta sistema berari eustea da asmoa. Urola Gustagarriren eskaintza ikusteko: http://issuu.com/urolaturismo/docs/urola_gustagarri  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide