Martxoak 2 igandea. Goizean, esnatu naizenean, ez nuen lasterketan parte hartzeko asmorik. Barruko zurrunbiloa ekaitz bihurtuta ibili da aste honetan. Aspaldi honetan ez naiz asko ibili mendian. Hala ere, bizipen berriak sentitzeko beharra nuen bizitzako egoerei aurre egiteko, erantzun bila ibiltzeko, nire beldur eta antsietateari mugak jartzeko.
Koinatuak ez duela parte hartuko esan zidan atzo. Semearekin, txakurra ateratzen, goiz buelta egin bitartean, gure bazterrak entzun, ikusi eta barruan sentitu ondoren, lasterketan sentsazio berriak probatzea erabaki dut.
Ez naiz inoiz topera atera lasterketa batean. Gaur izan da lehenengo aldia. Aldapa gora irteten zuen, mendian gora. Irteeran, erdi aldean kokatu eta jendea aurreratzen joan naiz lehenengo 500 metroetan. Hor egonkortu eta 1000 metro egin ditudanerako, jendea, ni aurreratu eta aurreratu zebilen. Aldapa gorako hurrengo bi kilometroak bai gogorrak. Nahi eta ezina. Jendea aurrera eta barea ere, nigana etorri da.
Halako baten... alaba ikusi dut. Berari bai, muxu goxo bat eman, mukiak kendu esan, eta nirera. Jendea, aurrera eta aurrera.
Ezagunak ere pasatu dira bitartean, animo eta eutsi esanez. Nik nireari tinko heldu eta... gaur, ez atzera bueltarik, ez erretirorik, ez zegoela argi nuen. Aldaparen azken zatia gertu zegoen. Hauspoa beteta nuelako sentsazioa. Hankak jota zeudenaren sentsazioa. Aurrera egin nahi eta nituen indar apurrei heldu ondoren, tontorra gertuago sumatu dut.
Behin hara iritsitakoan, neure esparrua nuen aurrean. Lokatza eta aldapa behera. Gozatzeko prest nengoen eta ez dut bi aldiz pentsatu. Ur pixka bat edan... eta segi aurrera. Hor bai indarra. Hor bai gogoa. Hor bai ezin gelditua. Hori bai gozamena.
Beheranzko bidean trabaren bat aurkitu arren (zapatilak askatu, erreka txikia, min hartutakoak...), herrira iritsi arte gozatu baino ez dut egin.
Azken gurutze-bidea falta zen ordea. Herriko malko berria! Hori bai hori mendian ibili ondoren putada galanta! Eliza atzean bikote eta semeari muxu bana eman eta plaza sarrerako azken aldapa arte, sufritu egin behar. Mendiko bide zidor galduetan hainbeste gozatu eta gero...
Astunenak izan diren azken metro luzeen ondoren, plazara bueltatutakoan, bikotearekin batera, seme-alabak itxaroten zeuden, azken metroak hirurok elkarrekin egiteko. Hori bai hori gozatuz amaitzea!
Ez ote da hau zoriontasunerako bidearen antzerakoa?
Aiako Zorrontzarra