Emakume pentsiodunen egoera salatuko dute bihar Azpeitian

Olatz Prat 2014ko martxoaren 6a

Baigera Azpeitiko Erretiratuen Elkarteak emakume pentsiodunen egoera salatu du «azken urteetako politikak tarteko, ezberdintasunak, pobrezia, langabezia eta bizi baldintzen degradazioa nabarmentzen ari direla» argudiatuz. Hirurogei urte inguru dituzten emakumeek «egoera larriak» bizi izan dituztela eta horren ondorioak jasaten ari direla adierazi dute. Horregatik, bihar elkarretaratzea egingo dute Baigerakoek plazan, 19:30ean. Estatistikoki alarguntasun pentsio laburra, degradazio fisikoa, menpekotasun pentsioa, bakardadea eta etxebizitza baldintza zaharkituak izateko arriskuan daudela ohartarazi dute elkartekoek. «Gaur egun gobernuaren murrizketen ondorioz, emakume pentsiodun gehienek txirotasun erlatiboaren azpitik ditugu pentsioak», ohartarazi dute, besteak beste. Honen aurrean, «mundu produktiboak beste eraldaketa eta baliabide batzuen bila» joan behar duela azpimarratu dute. Udalari eskatu diote «prekarietate egoera larri hauetan dauden herritarrei (emakumeak nagusiki), hurbiltasuna eta bitarteko eraginkorrak» emateko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide