Epailearen aurrean deklaratzera deitu dituzte TSko lau ordezkari sindikal

Olatz Prat 2014ko martxoaren 7a

TS Fundicioneseko tirabiren hariak gehiago tenkatzerik ez zuela zirudienean, epailearen aurrean deklaratzera deitu dituzte LAB sindikatuko hiru ordezkari eta ELAko bat. Akziodun batek jarritako salaketari erantzunez hartu dute erabakia epaileek. Legez kanpoko elkarretaratzeak egitea, iskanbila publikoak eragitea eta enpresako arduradunen kontrako heriotz mehatxuak egin izana egozten diete. Maiatzaren 13an deklaratu beharko dute Azpeitiko Epaitegian. Horrez gain, 300 euroko isuna ipini diete sei ordezkari sindikali. Langileek, berriz, argi eman dute beren iritzia: «Inoiz inor ez dugu mehatxatu». Langileek eta akusatuek salatu dute «erabat kriminalizatu» nahi dituztela; «etxean gelditu eta isilik geratzea nahi dute». Baina, haserrea nagusi da beharginen artean, eta mobilizatzen jarraitzeko asmoa dute. Duela egun batzuk 18 lagunek deklaratu zuten Zarauzko Ertzain etxean, Facebook bidez TSko jabeak iraintzea egotzita. Prozedura horren berririk ez dutela argitu dute langileek. Epailearen baiezkorik ez TS Fundiciones enpresa likidatzeko eskaera duela 21 egun egin zuen administratzaileak, eta dokumentazio guztia aurkeztu zion epaileari; baina, langileek adierazi dutenez, eurek behintzat ez dute jaso epaileak eskaera hori onartu izanaren jakinarazpenik. Hori gertatzean, enpresari jakinarazi eta honek langileei adieraztea litzateke ohiko prozedura. Baieztapen horren zain dauden bitartean, enpresaren eta langileen artean inongo bilerarik ez dela izan nabarmendu dute langileek, «eta guk negoziatzera esertzeko prest jarraitzen dugu, gauzak hitz egin eta konpondu nahi ditugu, eta lehenbailehen albo batera utzi nahi dugu gai hau». Langileek eta sindikatuek enpresaren bideragarritasuna defendatzen jarraitzen dute. Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bildu dira azken egunotan langileak eta «ate denako jotzen» jarraitzeko asmoa agertu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide