Toti Martinez de Lezea, idazlea: "Euskal kostaldeko emakumea oso indartsua izan da, asko borrokatu du"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko martxoaren 6a

Diruaren Sexu Ezkutua erakusketaren irekiera hitzaldia emango du gaur, ostirala, Toti Martinez de Lezea (Gasteiz, 1949) idazleak Zumaiako Alondegian. 18:30ean da. Emakumeak, ekonomia eta ahalduntzea gaia izango ditu hizpide gasteiztarrak. Istorioak kontatzeko duen modu bereziaren bidez eta antzinako eta gaur egungo emakumeen istorioak gogoratuz, hitzaldira bertaratzen direnek denboran zehar bidaiatzeko aukera izango dute. Zertaz arituko zara gaurko hitzaldian? Euskal emakumea izango da gai nagusia, kostaldeko emakumearen eta barrualdekoaren inguruan arituko naiz. Emakume horiek mendeetan zehar egin duten lanaz, sinismenez, transmizioaz, ohiturez nahiz hizkuntzaz... oro har, emakumearen munduaren ikuspegi osoa eman nahi dut, baina adibide zehatzak ere azalduko ditut. Aitortu behar dut hitzaldietan inprobisatzea atsegin dudala, beraz, hitzaldira etortzen den entzuleen profilaren araberakoa izango da nire hitzaldia. Asko idatzi izan dut Euskal Herriko emakumeen inguruan, eta oso gustura nago emakumeari buruz hitz egiteko aukera eman didatelako. Emakumeen gaia oso interesgarria iruditzen zait, beti gustatu izan baitzait hitz egiten ez denez jardutea. Emakumeak ahaztuak izan dira mendeetan zehar, eta beren istorioak gizarteratzea oso gustukoa dut. Nola definituko zenuke euskal kostaldeko emakumea? Euskal kostaldeko emakumea oso emakume indartsua da: mendeetan zehar egoera gogor ugari gainditu behar izan ditu, eta horretarako asko borrokatu behar izan du. Berak bakarrik herriak defendatu ditu, familia aurrera atera du, suteei nahiz itsasoaren haserreari aurre egin behar izan die. Senarrak, semeak eta aitak urrun izan ditu. Gizonezkoak itsasoan arrantzan, Terranovan edo Ameriketan zeuden bitartean, Euskal Herrian emakumea seme-alabekin eta adinekoekin geratu izan da. Bakardadea, familiaren zaintza eta familia aurrera ateratzeko lan egin beharra emakume horien egunerokoa izan dira. Emakumeen bizimodua ez da erraza izan, beraz. Ez, bizimodu zaila izan dute emakumeek. Emakumeen istorioak askotan gaur egunera iritsi ez badira ere, emakume ikaragarriak izan ditugu Euskal Herrian. Etxekoandreak, langileak, merkatariak nahiz itsasontzi jabeak; horiek denek ekarpen handia egin dute gure herria gaur egun dena izan dadin. Bestalde, kostaldeko herrietan, portu garrantzitsuak zituztenetan batez ere, emagalduak ere baziren. Hilabete asko itsasoan pasa ondoren, bertako eta atzerriko itsasontzietako marinelak sexu harremanak izateko irrikaz etortzen ziren, eta zerbitzu hori eskaintzen zuten emakumeak genituen Euskal Herrian. Historia liburuetan agertzen ez diren istorioak dira horiek guztiak, eta norbaitek gaiaz gehiago jakin nahi badu Jose Antonio Azpiazuren Mujer vasca: sumisión y poder (Euskal emakumea: sumisioa eta boterea) liburua oso egokia da. Etxekoandreak botererik izan al du Euskal Herrian? Etxekoandrea oso figura garrantzitsua izan da Euskal Herriaren garapenean. Foruek semeari nahiz alabari herentzia uzteko aukera ematen zioten familiari, eta baserrira alaba ezkontzen bazen, bera izaten zen baserriaren jabea. Askotan Euskal Herria matriarkatua izan zela esan ohi da, baina matriarkaturik, gaur egun ulertzen den moduan, ez zen izan Euskal Herrian. Gaur egun matriarkatua emakumearen boterearekin erlazionatzen dugu, baina matriarkatuak ama jainkosa baten sinesmena du ardatz; Euskal Herrian Amarin sinestu izan da mendeetan zehar, baina horrek ez du esan nahi emakumeak botere politiko eta soziala izan duenik. Izan dira emakumeak botere ekonomikoa izan dutenak. Zumaian, esaterako, bazeuden herentzian jasotako dirua itsasontzietan eta negozioetan inbertitu zuten emakumeak, eta aberastu egin ziren. Emakumeari aitortu al zaio historian zehar egin duen ekarpen garrantzitsua? Ofizialki, ez. Euskal Herrian ez zaio aitortu, baina Euskal Herriko bizimoduaren eta euskaldunen idiosinkrasiaren parte moduan ulertu izan dugu emakumearen paper garrantzitsua. Dena dela, azpimarratu nahi dut emakumeari ez zaiola aitortu egin duen lana, eta oraindik ere ez zaiola aitortzen. Nire inguruan emakumeak buru-belarri lanean ikusten ditut, lantokian eta familiak aurrera ateratzen. Ez zaigu goi mailako aitorpen publiko bat egingo, baina hor gaude eta inork ezin gaitu isilarazi. Uste duzu emakumearen aitorpenean urratsak ematen ari direla? Gizarteari ez zaio beste aukerarik geratzen, toki guztietan gaudelako. Lehen, esaterako, sorkuntza arloan emakume ugari zegoen, baina euren lanak etxean geratzen ziren edo zerbait argitaratzera iristen baziren, gizonezko baten goitizena erabiltzen zuten. Egun geure izenarekin idazten eta argitaratzen dugu, eta nolabait gure lana aitortzen da, baina inoiz ez gizonezkoena bezainbeste. Oraindik hor dago, beraz, kristalezko sabaia? Uste dut baietz. Egunero ikusten dugu, gainera. Gaur bertan irakurri dut Euskal Herrian lan bera egiteagatik emakumeoi gizonezkoei baino %15 gutxiago ordaintzen zaigula. Sorkuntza arloan ere idazleez edo musikariez hitz egiten hasten bagara, beti gizonezko baten izena agertuko da. Dena dela, uste dut emakumeok horren gainetik egon behar dugula, hor baikaude eta hor izaten jarraituko baitugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide