Iaz Zarauzko Etxebeltz Bertso Eskolako taldeak irabazi zuen Euskal Herriko Eskolarteko Bertso Txapelketa, txikien mailan.
(Ikastolen Elkartea)
Gaur ekingo diote Gipuzkoako Eskolarteko 34. Bertso Txapelketari, Zarauzko kanporaketarekin. Aurten, estreinakoz Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatuko dute elkarlanean, eta berrituta dator: alde batetik, 15 urtetik beherako ikasleak ez dira bat-batean lehiatuko, eta bestetik, gazteen txapelketak, 15 eta 18 urte bitartekoenak, bertso-afari izaera hartuko du. Era berean, kanporaketa egiten den herrian saio didaktikoak egingo dituzte lehen aldiz eta, ohi bezala, idatzizko bertso lehiaketa ere bai.
Bertsopaper sariketa Zarauzko Oteitza Lizeoan egingo dute, 15:00etatik 16:00etara. Bertan, honako ikastetxeek hartuko dute parte: Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolak, Orioko Herri Ikastolak, Getariako Iturzaeta eskolak, Zumaiako Herri Eskolak eta Hernaniko BHI zentroak. Guztira 205 ikasle ariko dira gai zehatz batean inguruan bertsoak jartzen denbora epe baten barruan. Lan aipagarrienak bat-bateko txapelketaren finalean sarituko dituzte.
Bertsopaperen ondoren, ordubeteko saio didaktikoaz gozatzeko parada izango dute Modelo aretoan, 16:30etik 17:30era. Ekitaldian Zarauzko bi talde eta Hernaniko talde bat ariko dira, Andoni Egaña eta Iñigo Mantzisidor Mantxi bertsolariekin batera. Aurkezle lanetan Peru Gabirondo ariko da.
Urpekoak elkartean
Gazteen bat-bateko txapelketako kanporaketa Azken Portu auzoko Urpekoak elkartean egingo dute, 19:00etan hasita. Lehenik eta behin, afari-merienda egingo dute, eta saioarekin 20:30ak aldean hasiko dira. Amaia Urbieta (Zarautz), Unai Sarasua (Zumaia), Danel Olano (Getaria), Aitor Balerdi (Hernani), Andoni Mujika (Hernani) eta Jon Otegi (Oiatzun) izango dira nor baino nor ariko diren bertsolariak; gaiak jartzeaz, berriz, Leire Etxeberria arduratuko da.
Bertsolariek ondorengo ariketak osatu beharko dituzte kanporaketa saioan: hasierako agurra (nahi duten neurrian); lau oinak emanda, zortziko txikian bertso bat; binaka, gaia emanda, zortziko handian bina bertso; binaka edo hirunaka, gaia emanda, hiruna kopla, trikitiaren laguntzarekin (doinuak: Santi Mamiña, Aita semeak eta Dios te salve); Bakarka, puntuari erantzun eta gaia emanda bertso bat, gehienez ere bost puntuko neurrian; eta, amaitzeko, bukaerako agurra (nahi duten neurrian).
Datozen asteetan Lasarten, Zumarragan, Lazkaon, Elgoibarren eta Azkoitian egingo dituzte gainerako kanporaketak, hurrenkera horretan. Azkoitian apirilaren 10ean izango da, eta kanporaketaren azken saioa izango da: bertsopaper lehiaketa ariketa eta saio didaktikoa Floreaga Ikastetxean egingo dute, eta gazteen bat-bateko saioa, berriz, Iraurgi elkartean. Kanporaketa guztietako bertso-afarietako sarrerak 12 euroan jarri dituzte salgai, eta aurrez hartu behar dira bertsosarrerak.eu webgunean.
Eskolartekoen txapelketako finala Gipuzkoako Bertso Eskolen Egunean jokatuko dute, maiatzaren 11n, Arrasateko Amaia antzokian. Herrialdeetako txapelak erabakita, Euskal Herriko finala eta festa nagusia Orion egingo dute, ekainaren 21ean.