Imanol Azkue: «Errotzen ari da herritarrek udalen kudeaketan parte hartzeko kultura»

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko martxoaren 7a

              Prozesu parte-hartzaileak «inbertsio handia» dira epe luzera, Imanol Azkueren (Zumaia, 1965) esanetan. Horiek herri izaera indartzen dute, eta herritarren jakintza aprobetxatzea ahalbidetu, zumaiarraren esanetan. Horregatik, Gipuzkoako 62 herritako 137 esperientzia bildu ditu Herritarrekin liburuan, «etorkizunean eredu erabilgarri bat izan dezagun». Gipuzkoako udal guztietara eta liburutegi nagusietara banatu da berak idatzitako . Sarean ere eskuragarri dago, gipuzkoaherritarrekin.net webgunean. Herri askotako esperientziak jaso dituzu. Nolakoa izan da lan hori? Proiektua martxan jarri genuenean, banekien lanik handiena harremanena izango zela, herrietako jendearekin egon eta laguntza eskatzea, inplikatzea. Ez da lan erraza izan, eta denetarik egon da: batzuek segituan lagundu didate; beste batzuek borondatea bai, baina ez diote behar bezalako lehentasuna eman proiektuari. Baina guztiei ere eskerrak eman nahi dizkiet. Zer nabarmendu dezakezu gure eskualdeari dagokionez? Gainontzeko eskualdeetan bezala, gurean ere herri gehienetan egin da parte hartzeko esperientziaren bat, eta oso mota desberdinetakoak izan dira, gainera. Azkoitian, Azpeitian eta Getarian, udal aurrekontuekin egin dira, adibidez; Zestoan, berriz, zekorketen kontsulta; Zumaian, Arroakaleko hirigintza planaren ingurukoa; Zarautzen, besteak beste, mugikortasunekoak (TAO sistema…); eta Orion, herri curriculumarena. Liburuan ageri ez diren herrietan ere badakit aintzat hartzen dutela herritarren parte hartzea, eta erronka izango da hurrengo liburuan guztiak sartzea eta agertzea. Zein izan dira pausoak? Informazioa jaso ondoren landu egin nuen, eta bestelakoak ere eskatu nizkien: argazkiak, parte hartu zutenen testigantzak, bestelako esperientziak (fitxetan jaso gabeak)… Informazio hori guztia antolatu eta herrietako ordezkariei erakutsi nien, onespena jasotzeko, eta gero txukun-txukun eta polit-polita jarri zuten Ipar arte grafikoetakoek. Zein izan da helburua? Asmoa aspalditik geneukan buruan Arantza Ruiz de Larrinagak eta biok [aldundiko Herritarren Partaidetzarako zuzendaria da Ruiz de Larrinaga]. Lankideak izanak gara, eta behin baino gehiagotan komentatu genuen bazegoela honelako liburu baten beharra. Iruditzen zitzaigun parte hartzeko esperientzia ugari egiten zirela han-hemenka, baina asko ia oharkabean pasatzen zirela. Egindakoa ezagutarazi nahi genuen, ereduak eman nahi genizkien gainerako herriei, eta hori da liburu honen helburua: egindakoa ezagutaraztea eta adibide egingarriak erakustea. Herri bakoitzekoa bakarka begiratuta, badirudi gauza gutxi egiten direla, baina denak kontuan hartuta, ikusten da izugarrizko indarra hartzen ari dela. Indar horrek eragin biderkatzailea izan behar du, eta etorkizunean are gehiago bultzatu herritarren partaidetza. Zer motatako parte hartzeko prozesuak jaso dituzu Herritarrekin liburuan? Gipuzkoako udalek eta aldundiak bultzatu dituzten esperientzia batzuk daude, baina ez guztiak, eta liburutik kanpo geratu dira gizarte erakundeek eta elkarteek bultzatutakoak (eta horiek ere ez dira gutxi). 2011ko udatik 2013ko ekainera bitartekoak daude, era guztietakoak eta oso gai desberdinen ingurukoak. Nola egituratu duzu liburua? Otsailean liburuaren ideia orokorra egin genuen eta erabakiak hartu: liburua Gipuzkoako eskualdeen arabera antolatuta egotea, eta herriak ordena alfabetikoan; herri bakoitzean, hasteko, datu orokorrak emango ziren, eta gero esperientzia nagusi bat, nabarmenago, eta gero gainerakoak; ondoren, beste esperientzia batzuk. Amaieran, aurkibidea joango zen. Liburua batez ere praktikoa eta erabilgarria izatea nahi genuen. Horregatik al da koaderno itxurakoa? Bai, eta informazioa ere oso era arinean dago emanda, erraz irakurtzeko eta ulertzeko moduan. Liburuan, hasieran sarrerakoak eta atarikoak daude, eta ondoren dator liburuaren mamia: Gipuzkoa 10 eskualdetan banatu dugu, eta horietako bakoitzean herriak datoz. Esan beharra dago, herri batzuetatik ez dugulako ezer ere jaso. Bestalde, nabarmendu nahiko nuke diseinu lana, ahalegindu garelako polita eta erakargarria egiten, argazki, irudi eta kolore askorekin. Zergatik dira hain garrantzitsuak herritarren parte hartze prozesuak? Herritarrek udalen kudeaketan eta politikan parte hartzeko kultura errotzen eta indartzen ari da pixkanaka hainbat herritar egiten ari den lanari esker. Epe luzera onura besterik ez dakar, herritarrekin harremana estutu eta herritarren jakintza aprobetxatzea ahalbidetzen duelako.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide