1936ko gerrak Orion izan zuen eragina azaltzen duen liburua plazaratuko dute Orioko Udalak eta Iñaki Iturainek, elkarlanean. Oriotarrek gerra hartan sufritu zituzten ondorioak jasoko ditu, haien istorioak. Istorio haiek bizi zituzten oriotarren lekukotasunak jasotzea da gaurko bileraren helburua. Izan ere, pena litzateke plazaratu eta gero, norbaitek esatea berak baduela gerraren gainean zer kontatua eta ez dela agertu harena liburuan, alegia, ez duela aukerarik izan liburuan haren istorioa azaltzeko.
Gerra hartan hildakoak izan ziren, atzerriratuak, konfiskazioak, zigorrak, zubia bota zuten... bizipen asko daude 36. urteko gerraz. Bizipen horien gaineko bertsioak entzun nahi dituzte; garai hura islatzen duten argazkiak ere etxe askotan egongo dira, horiek ere lekua izan dezakete liburuan. Hortaz, aukera hori bideratzeko, jende aurreko azalpena egingo dute gaur, osteguna, Orioko Kultur Etxean, 17:00etan.
Iñaki Iturainek gidatuko du bilera. Garai hartan geratutakoa eta orduko argazkiak erakutsiko ditu berak. Saioaren helburua da herriko jende nagusia, gerrako garai hura edo gerraostea ezagutu zutenek, orduko istorioak entzunez, orduko argazkiak ikusiz, daukaten informazioa ematea; nolabait ere, jendeari liburua egiteko bidean parte hartzeko aukera ematea, eta horrela, gerra haren historia denen artean osatzea.