Finkatu dituzte Zarauzko Kultur Mahaiko azpibatzordeen datozen hitzorduak

Urola Kostako Hitza 2014ko martxoaren 6a

Santa Klara Azken Portu eta Aritzbataldeko komisioa, Zarautz On, Zarautz Abesbatza, Nahia Artisau Elkartea, Artezaleak, Photomuseum Argazki eta Zinema Museoa, Kafe Torero, Conunpuntomas Sormen Tailerrak, Zazpi Kultur Elkartea, Haur Kultur Taldea, Ondarre, Zarautz Kantuan, Gurekin Jai batzordea, Schola Cantorum, Goiztarrak, Zarauzko Argazkizale Elkartea, Arkamurka, Zurekin Ostalarien Elkartea edota Garoa liburu dendako arduradunak udal ordezkariekin, Kultura sailekoekin eta Turismo Bulegoko teknikariekin elkartu ziren atzo, Zarauzko Kultur Mahaiaren sarrerako bileran. Horiez gain, zenbait idazle, aktore eta artista ere bertaratu ziren. Beste hainbatek ezin izan zuten joan, baina hurrengo bileretan eta lanerako azpibatzordeetan parte hartzeko asmoa erakutsi zuten, Iñurritzako jai batzordeak eta Putzuzulo gaztetxeak, kasu. Bertan Kultur Mahaiaren asmoen berri eman zuen Gari Berasaluze zinegotziak, eta aurrera begirako erronkak eta hurrengo urratsei buruz jardun zuen. Horren helburu nagusia eragile guztien lana balorean jartzea dela nabarmendu zuen, koordinatzea eta ikusaraztea. Horretarako, agendaz, koordinazioaz eta komunikazioaz arduratuko den azpibatzordea izango du Kultur Mahaiak. Urtean zehar egiten diren ekimenak bateratu, denen artean lehentasunak finkatu eta hilean behin  leku publiko zein  sare sozialetan zabalduko den esku-orria argitaratzea izango da batzorde horren egitekoa. Hain justu, kulturmahaia@gmail.com helbide elektronikoa jarri dute eragile guztien eskura, aurrerantzean antolatutako ekimenen berri horren bidez emateko. Izan ere, Kultur Mahaia komunikatiboki eragile berria izatea da asmoa. Horren harira, Facebook eta Twitterren ere zabaldu dituzte profilak. Beste bi batzordeak, jaien ingurukoa eta kultur azpiegiturei zein ondareari buruzkoak izango dira. Bileran horien nondik norakoak ere zehaztu zituzten, eta baita azpibatzordeen datozen hitzorduak ere. Hona hemen datak: Agenda Komunikazioa: Martxoak 17ean, 18:00etan Jaiak: Martxoak 20an, 18:00etan Artea, ondarea, azpiegiturak: Martxoak 31ean, 18:00etan

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide