Esther Agirre eta Mikel Arregirentzat absoluzioa eskatu du fiskalak, eta lau urteko zigorra Permachentzat

Urola Kostako Hitza 2014ko martxoaren 6a

http://youtu.be/Zozl_haTlTw Duela bost hilabete hasi zen 35/02 auzia bukatzear da Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Gaur ere epaiketako beste saio bat da. Vicente Gonzalez fiskalak zati politikoaren ondorioak eman ditu, eta atsedenaldiaren ondoren zati ekonomikoari heldu dio Marcelo Azkarraga fiskalak. Gonzalez fiskalak Bateragune auzia aipatu du frogak nahikoa direla argudiatzeko. Azkarraga fiskalak, berriz, Herriko tabernak HBrenak esan du, irabazien zati bat jasotzen zuela, eta herri bakoitzeko kideek kontrolatzen zutela. Berria.info zuzenean segitzen ari da epaiketako gaurko saioa. Bederatzi auzipeturen karguak erretiratu ditu fiskalak Atzoko saioan fiskalak ondorioak eman eta auzipetuen behin betiko zigor eskaerak egin zituen. Epaiketaren atzeratzea argudiatuta, zigor eskaerak arindu egin ditu fiskalak, eta bederatzi auzipeturen akusazioa erretiratu du; tartean, Mikel Arregi Ertxin zestoarrarena eta Esther Agirre zarauztarrarena. Akusazioa kendutako besteak dira: Adolfo Araiz, Agustin Rodriguez, Santiago Hernando, Kepa Gordejuela, Pedro Felix Morales, Andres Larrea eta Isabel Mandiola. Gainontzeko auzipetuei bi urte eta bi hilabete eta lau urte eta sei hilabete arteko zigor eskaerak eskatu dizkie fiskalak. Joseba Permachentzat, esaterako, lau urte eta sei hilabeteko zigor eskaera egin du; hamabi urteko zigor eskaera zuen lehen. Zigor eskaera bera egin du Joseba Alvarez, Rufi Etxeberria, Karmelo Landa eta Juan Kruz Aldasororentzako. Atzoko saioa amaitu ondoren, HITZArekin hitz egin zuen Ertxinek: «Batzuon kasuan fiskalak zigor eskaera erretiratu egin du, baina akusazioak mantendu egiten ditu. Garrantzitsua da fiskalak eskaerak erretiratu izana, baina oraindik epaiketan segitzen dugula ezin dugu ahaztu, eta akusazioak, biren kasuan izan ezik, beste guztion zigor eskaerak mantendu egin dituela. Lehen baino hobeto gaude, baina oraindik kartzela zigorra eskatzen segitzen dute». Atzoko saioan ere «kontraesan asko» izan zirela dio Arregik, «egoera berdinean geunden batzuei zigor eskaera erretiratu egin digu, eta beste batzuei gutxitu». Epaiketa «erabat kaotikoa eta logikarik gabea» izaten ari dela esan du zestoarrak, «ezerk ez dauka logikarik». Auzipetuaren esanetan, «inoren kontrako kargu pertsonalik ez eta irudi juridiko bat asmatzen ari dira». Joseba Permachek, berriz, Twitter bidez egin zuen hainbat adierazpen atzo arratsaldean. «Eskari fiskalak jaitsiz epaiketa politiko honen despropositoa ezkutatu nahi da. Ezin ordea. 4 urte eta 6 hilabete politikan aritzeagatik?», idatzi zuen sare sozialean, besteak beste. Auzipetuei ETAko buruzagi izatea, kide izatea edo kolaboratzea egozten die. Elkarteei, berriz, ETA finantzatzea. Fiskalak esan du: «Auzipetuen jarduera politikoa izan arren, HB eta Batasunako kide gisa ETAren fronte instituzionala bultzatu zuten». Santi Hernando eta Isabel Mandiolaren kasuan, AVTk eta Dignidad y Justiciak bat egin dute fiskalarekin. Ondorioz, epaileak absolbitu egin ditu. Defentsak, berriz, auzipetu guztien absoluzioa eskatu du. Gizartearen sektore handi bat sistema politikotik baztertu izana salatu dute abokatuek. Datorren astean beste hiru saio dira; astelehenean, asteartean eta asteazkenean. Herriko tabernen auzia 2002an ireki zen Baltasar Garzon epailearen aginduz. 11 urteren ondoren hasi zen epaiketa, iazko urriaren 17an. 36 euskal herritarren eta 110 herriko taberna edo elkarteren kontrako auzia da. Auzipetuen artean eskualdeko hiru pertsona daude: Agirre, Permach eta Arregi. Elkarteei dagokienez, Azkoitiko Zakela Kultur Elkartea, Azpeitiko Orkatz Kultur Elkartea, Zumaiako Inpernupe, Getariako Harralde eta Zarauzko Arrano.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide