Zarauzko Gure esku dago-k hainbat ekimen antolatu du datozen egunetarako

Urola Kostako Hitza 2014ko martxoaren 6a

Zarauzko Gure Esku Dago mugimenduak deituta, erabakitzeko eskubidearen aldeko ikurrina erraldoia osatu zuten Munoan, otsailaren 9an. Aritz Mutiozabal Astelehenetik igandera bitartean Europak azken 100 urteetan izan duen aldaketa geografikoa biltzen duten argazkiak, mapak, agiriak eta bestelako materiala ikusteko aukera izango da Udal Merkatuan. Zarauzko Gure esku dago ekimenak erakusketa "ikusgarri bezain interesgarria" antolatu du bertan. Interesa dutenek astelehenetik ostiralera 18:00-20:00 bitartean bisitatu ahalko dute, eta larunbata eta igandean, berriz, 11:00etatik 13:00tara izango da irekita. Hori ez da izango Gure esku dago-k antolatutako ekimen bakarra. Otsailaren 9ko ikurrina erraldoiaren ostean, bizikleta martxa erraldoia egingo dute martxoaren 16an. 12:00etan Lege Zaharren Enparantzan bizikletekin elkartzeko deia egin dute ekimeneko ordezkariek. "Kanpaina guztiek bezala, Gure esku dago ekimenak ere badu bere kolore propioa, urdina hain zuzen. Ezin esan kolore urdina arrotza denik zarauztarren artean, Enbataren aldeko ikurra adibide esanguratsuena izanik". Martxoaren 16an urdin koloreko elastikoekin ateratzera animatu dituzte herritarrak. Era berean, kanpainako elastikoak eskuragai izango dira plaza horretan jarriko dituzten mahaietan. Bizikleta martxak 30-45minutu inguru iraungo du eta Lege Zaharren Enparantzan hasi eta bukatuko dute.   Ekainaren 8an, Durango-Iruñea giza katea Ikurrinaren mosaikoaren aurkezpenean aipatu modura, hurrengo ekainaren 8an norbanakoez osatutako giza kate erraldoi batek Durango eta Iruñea artean dauden 123 kilometroak lotuko ditu. Kilometro bakoitza osatzeko gutxienez 400 pertsona lortu nahi dituzte. "Euskal Herri mailan jarritako erronka ilusionagarri honi aurre egite bidean, Zarautzen beste bat erantsi diogu: Zarautzen baietz 100 lagun”. Dagoeneko 300 lagun inguru batu dira ekaineko erronka horretarako eta aurrerantzean  bakoitza ekimenaren "bozgoragailu eta eragile" izatea nahi dute. Honi begira erakusketa irekita dagoen orduetan eta bizikleta martxaren egunean mahaiak jarriko dituzte ekainean 8ko giza-katean parte hartu nahi duenak  izena eman dezan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide