Unai Zubizarreta erremontista Aizarnazabalgo pilotalekuan (Nerea Uranga)
Larunbatean xistera erretiratuko du Unai Zubizarretak (Aizarnazabal, 1981). Erremontea utziko du azken partida Hernaniko Galarretan jokatu ondoren. «Pixka bat erreta» bukatu du, eta bizitzak beste etapa batzuk ere badituela dio. Dena den, erremonteak asko eman dio, besteak beste, lagunarte ederra.
Erremontea uzteko erabakia hartu duzu. Zergatik?
Pixka bat erreta bukatu dut. Erremonteko bi enpresatan ibili naiz, lehengoan gustura. Azken batean, pilotariak bi akuilu izan behar ditu zalantzarik gabe: ekonomikoa eta kirola. Momentu honetan, denok dakigun bezala, krisia dago frontoian ere, beste bazter guztietan bezalaxe. Beraz, ekonomikoki ez dago. Kirol aldetik, berriz, lehengo enpresan oraingoan baino gusturago sentitzen nintzen. Oraingo enpresak ez nau baloratu nik nahi bezala, edo eskatzen nuen adina. Ez dut uste beste munduko ezer eskatu dudanik, baina eskatzen nuenik ez didate eman, eta uztea erabaki dudan momentua ailegatu da. Neure buruari gehiago eskatzen diot, eta nahiago izan dut frontoira ilusio gabe irtetea baino lagatzea. Gainera, bizitzak beste etapa berri batzuk ere baditu.
Noiz eta nolatan hasi zinen erremontean?
16 urtetik 24ra arte eskuz ibili nintzen, eta 24rekin Aizarnazabalgo alkate zenak, Joxek [Larrarte], eta Landa artekariak erremontea probatzera animatu ninduten. Ordura arte erremontea ez nuen ezagutzen. Probatu, gustatu, eta urtebetera, 2006ko otsailaren 6an, Galarretan debutatu nuen. Ordutik, Nafarroan eta Gipuzkoako herri txiki batzuetan jokatu dut, baina gehienbat Galarretan eta Euskalen. Galarreta izan da gure betiko frontoia.
Esku pilotatik erremontera pasatutakoan zer aurkitu zenuen?
Erremontea asko-asko gustatu zitzaidan. Orain, asko damutzen naiz erremontean 24 urterekin hasi beharrean 16 urterekin hasi ez izanaz. Baina, horrela izan dira kontuak. Eskuz ibili nintzenean ere izan ziren gauza onak, eta erremontean zer esanik ez, beste giro bat.
Aizarnazabalen batzuk aritu zarete erremontean.
Nik ez nituen ezagutu, baina lehen Aizarnazabalen ere izan ziren erremontistak: bi anai, Etxabetarrak. Gero, harrezkero, ni eta Zulaika izan ginen batera antzera profesionaletan debutatu genuenak. Gerora, Etxabe II.a izan da bestea, eta orain, Segurola. Aizarnazabalgo lau aritu gara elkarrekin erremontean. Zulaikak orain dela urtebete edo bi utzi zuen, eta orain nik. Segurola eta Etxabe II.a geldituko dira profesionaletan, eta afizionatuetan ere badabiltza beste bizpahiru.
Horrelako herri txiki batean profesionaletan lau ibiltzea bada zerbait.
Hemen urteetan erremonteaz ez zen ezer entzun. Baina, kasualitatez, alkate zenak eta Landak aukera hori ematen zidatenean, nik Zulaikarekin hitz egin nuen. Gero, berriro, jendea erremontea ikusten hasi zen. Betikoa da hori, askotan herrian gazteek helduagoak futbolean ikusten badituzte futbolari heltzen diote. Gu hasi ginen, gero beste batzuk datoz, eta etorri daitezela gehiago ere.
Zer eman dizu erremonteak?
Niri asko-asko eman dit erremonteak, azken finean 16 urtetatik frontoitik irten gabe nabil. Esku pilotan ibilitakoan, afizionatuetan herri pila bat pasatu ditut, eta orduan ere oso gustura. Baina, gero erremontean beste saltsa bat da, Galarreta batek daukan publikoa ere berezia da. Beti jende bera joaten da, eta azkenean familia antzeko bat osatzen da. Bestetik, aldageletan daukagun harremana ere paregabea da.
Krisiak eragin dio erremonteari ere. Kirol honi eusteko zer beharko litzateke?
Oraingo erremonteko enpresak momentu oso txarrean hartu zuen Galarreta. Aurreko enpresa ixtera zihoan, eta orduan hartu zuen. Ekonomikoki ez dago, eta hori da azkenean hasieratik behar dena. Bi edo hiru urtean ekonomikoki aurrera egiten saiatu da enpresa, baina ezinezkoa da. Orain, erremontistengatik dago enpresa zabalik. Zalantzarik gabe, enpresa ahalegintzen ari da: pilota eskolak martxan jartzen, babesleak bilatzen, eta batean eta bestean. Baina, azken batean, pilotariak dira hor aurpegia ematen ari direnak ia ezeren trukean, eta lanean, erremonteak segi dezan. Enpresaren eta pilotarien arteko hartueman hori ona da. Urte txar batzuk pasatu ostean, kanpoko egoerak buelta ematen duen bezala, erremontearen egoerak ere emango du buelta. Berriro ere indarra hartuko du.