Agirrezabala eta Juaristi, urdinez (Maialen Andres)
Hernaniko Galarreta pilotalekua da erremontearen habia, eta han aritzen diren erremontisten koadroaren ia erdia Urola Kosta eskualdekoa da; egun, Azkoititik Zarautzera arteko hamahiru erremontistek jokatzen dute han. Pilota jokoaren aldaera bat da erremontea, xisteraz jokatzen dena. Bizia eta ikusgarria. Krisi ekonomikoaren astindua jaso du erremonteak, eta kirol modalitateari eusteko lanean ari dira. Ilusioz.
Hain zuzen, joan den asteburuan txapelketa bat hasi zuten Hernaniko Galarretan: 2014ko Sagardoaren Txapelketa. Eskualdeko bost ari dira lehian bertan:
Etxeberria IV.a (Azpeitia) eta
Ion (Azpeitia), Bereziartua sagardotegiaren izenean;
Juaristi (Zarautz) eta
Agirrezabala (Azpeitia), Petritegi sagardotegia ordezkatuz; eta,
Matxin III.a (Azpeitia)
Etxeberria III.arekin Gurutzetaren izenean. Azken bi hauek, iazko Sagardoaren Txapelketako txapela lortu zuten, eta Juaristi eta Agirrezabala txapelunordeak izan ziren. Juaristik eta Agirrezabalak, aurten ere, elkarrekin hasi dute lehia, baita ondo ekin ere: larunbatean 28-40 irabazi zioten
Juanenari eta
San Migel-i.
Juaristik eta Agirrezabalak 11na urte daramatzate erremontean profesionaletan. Zarauztarrak, debutatu zuela hamabi beteko ditu uztailean, eta herenegun bete zituen 11 matxinbentarrak: «Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan debutatu nuen, Inauterietako astearte arratsalde batean».
Hasiera desberdinak
Tenisean ibiltzeari utzi, eta erremontean hasi zen Juaristi. «Hamasei urterekin utzi nuen tenisa, eta erremonteari ekin nion. Intxauspe erremontista zarauztarrarekin hasi nintzen ikasten. Berak utzi zidan xistera zahar bat probatzeko. Gustatu egin zitzaidan, eta ondoren Galarretara joan nintzen». Tenisa kirol «bakartia» iruditu zitzaion Juaristiri, «horregatik, pixka bat erre egin nintzen», esan du.
Bestelakoak dira Igor Agirrezabala matxinbentarraren hastapenak. Txiki-txikitatik etxean bizi izan du erremontea. Zazpi urtez profesionaletan aritu zen Agirrezabalaren aita, Iñaki Agirrezabala
Matxin I.a, eta osaba Manuel Agirrezabala
Matxin II.ak 24 urte egin zituen erremontista. «Osaba izan zen hobea, banakako lau txapel inguru baititu». Aita erremontean jokatzen ez du ezagutu Agirrezabalak, «27 urte zituela utzi zion, eta orduan nik bi hilabete neuzkan. Osaba, bai, ikusi dut».
Azpeitiko Frontoi Txikian eskuz hasi zen jokatzen. Gero, 12 urterekin aitak egindako xistera txikiarekin hasi zen erremontean. «Jai arratsaldeetan Beizamara joaten ginen jokatzera, gero Urrestillara ere bai. Han, hiru-lau lehengusu elkartzen ginen erremontean aritzeko. Gero, handik Izarraitz pilotalekura pasatu ginen, 14 urterekin». Segidan, 15 urterekin larunbat goizetan Hernaniko Galarretara joaten hasi zen entrenatzera. «Azpeitiarrak, Zarauzko Juaristi, Donostialdeko eta Tolosaldeko bat edo beste elkartzen ginen. 08:00etan hasi eta eguerdira arte txandaka aritzen ginen».
Erremontea «barru-barruan» daramala dio Agirrezabalak. «Etxetik eta familiatik bizi dugu, eta gustura joaten gara entrenatzera ere». Ilusioz dabil. Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan entrenatzen du: «Asteartero laukote bat elkartzen gara: Ion, Etxabe Aizarnazabalgoa eta Xuban lehengusua. Aldea da lagunartean ibiltzea».
Aldiz, zarauztarrak Galarretan entrenatzen du, «astean behin joaten naiz hara, eta gero kirol pixka bat Zarautzen bertan egiten dut, kiroldegian edo korrika». Gustura dabil erremontean, «kirol oso polita da». Hasieran, lan bezala zuen erremontea, baina orain krisiak ukitu duenez, beste lan batetan hasi behar izan du, nahiz eta kirolarekin segitu. «Oso gustura ari naiz jokatzen, eta espero dut beste urte askoan jarraitzea», esan du Juaristik.
Galarretan duten lagunarteko giroarekin ere gustura dago Agirrezabala. «Denok elkarrekin oso ondo konpontzen gara, bai aldageletan, bai handik kanpo».
Hasieratik aldatuta
Juaristi bera hasi zenetik erremontea aldatu egin da. «Orain, garai txarra bizi du. Nik debutatu nuenean oso garai ona zen, eta jende asko joaten zen frontoira. Krisiaren eraginez okertu egin da», azaldu du zarauztarrak.
«Bizi maila aldatu den bezala, frontoiko mailak ere halaxe egin du. Frontoiko diru iturri handi bat apustuak dira. Jende batek lehen diru asko jokatzen zuen arratsalde batean, eta orain jokatuko du, baino askoz gutxiago. Eskuzkoa gehiago salbatu da, telebistan ematen delako, edo hedabideetan oihartzun handiagoa duelako», azaldu du Agirrezabalak. «Nik debutatu nuenean, 40 pilotari baino gehiago ginen koadroan, orain 25-26 inguru gaude. Lehen sanferminetan aste guztian jokatzen zen, eta orain bi edo hiru egunetan. Adibidez, Galarretan lehen uztailaren 25ean hasi eta abuztua bukatu arte egunero zeuden partidak. Orain, berriz, ostegunetan eta larunbatetan bakarrik».
Horrez gain, bi pilotariek erremontean debutatu zutenetik materiala ere aldatu egin da: bai xisterak, bai pilotak. «Horren arabera, urteen poderioz jokamoldea ere aldatu egin da».
Galarretako pilotalekuan, gaur egun ostegunetan eta larunbatetan jendea biltzen dela diote. Giroa sortzen da. Juaristiren esanetan, ordea, zarauztar gutxik segitzen dute erremontea: «Surfa eta beste kirol batzuk gehiago jarraitzen dira. Pilota kontuak ez du zarauztar asko erakartzen». Azpeitia eta Azkoitia ingurutik erremontea segitzen dutenak badira, ordea. Hala ere, jende berria erremontea ikustera animatzea zaila gertatzen dela diote bi pilotariek. «Esku pilotak telebistaz irabazi egiten du, baina erremonteak ez. Erremontea bertatik bertara ikusgarriagoa da, telebistaz baino».
Gauza nola saltzen den ere alde handia dago. «Gazte jendeari galdetu eskuzko bigarren mailako pilotari baten izena, eta esan egingo du. Galdetu, erremonteko txapeldunaz, eta igoal ez du ezagutu ere egingo». Garai batean, hori bestela zela dio azpeitiarrak. «Gure etxean egunkariak-eta jasota daude, eta ikusita ditut. Orain 20 bat urte, egunkarietako kiroletako orrietan erremonteari tarte gehiago ematen zitzaion eskuzkoari baino».
Erremontea kirol ikusgarria dela diote, «espektakularra». Galarretan antolatzen diren txapelketez gain, herrietan antolatzen direnak ere garrantzitsuak dira. «Herrietako txapelketak inportanteak dira erremontea herrietara eraman eta jendeak ezagutzeko», Juaristiren ustez.
Sagardo Txapelketan elkarrekin aritzearekin gustura dira biak: «Aitzakiarik ez dut bikotekidearekin, iaz finalera iritsi ginen, eta orain hanka onarekin hasi gara», dio azpeitiarrak. Hilaren 29an amaituko da ligaxka.