Zarauzko Arkamurkaren ustez, duna berreskuratzeko lurrak kendu behar zaizkio golfari

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko martxoaren 6a

«Berandu gabiltza, baina agian ez beranduegi. Eskuratu dezagun duna eremu hau naturarentzat, eta bide batez, zarauztar eta herritar guztiontzat», esan du Arkamurka natur taldeak. Otsaileko eta martxoko itsasaldiek Zarauzko duna kaltetu dute. Azkenengoak, aste honetakoak, duna enbrionarioa eta kostaldeko duna lerroa guztiz eraman duela ohartarazi du Arkamurkak, duna mugikorrak deritzenak, hain zuzen.  Orain bertako landaredia eta espezieak berreskuratzeko «golfarekin zirt edo zart» egiteko unea dela dio: «Dunak ala golfa, ez dago biak mantentzerik». Iñurritzako dunak berriz ere dagokion lekua berreskuratu dezan baldintza naturalei (itsasoari eta haizeari) euren bidea egin dezaten utzi behar zaiela nabarmendu dute taldeko kideek: «Horrek baino ez du ahalbidetuko galdu dugun duna mugikorra eta bertako landareak berreskuratzeko aukera». Lehen pausoa gune horretan aurten egitekoak diren oinezkoen pasabide altua «ahalik eta barruen» egitea da natur taldekoen ustez. Horretarako golf eremuari kendu behar zaizkion lurrak kenduz. «Golfekoen beldurrik gabe, eskuzabal jokatu beharko lukete erakunde publikoek lur publikoaren zati handi bat herritarrentzat berreskuratzeko orduan», esan dute. «Guztiona, guztiontzat» Espainiako Ingurumen Ministerioko Kosta Zuzendaritzari Zarauzko golfeko mugaketa atzeratu dezan eskatu dio natur taldeak, eta desjabetu ditzala udalaren eta Narroseko markesen lurrak. Halaber, auzi horrekin «behingoz» buka dezala galdegin dio udalari. «Ez ditzala eman segurtasun hesiak jartzeko baimenak eta, bien bitartean, debeka dezala golf jarduera biotopoan». Aldundiari ere egin dio eskaera: bere gain har dezala «behingoz eta arduraz» legeak eskatzen duen bezala, «altxor natural» horren kudeaketa. «Orain arte ez dugu zentimorik kobratu beste batzuen gozamenerako izan denean, beraz, bada garaia buelta eskatzeko. Iñurritzako duna sistema osoa berreskura dezagun, guztiona dena guztiontzat izan dadin». Izan ere, «altxor handia» da eta behar duen tokia aitortu behar zaio. Iñurritzako biotopoko dunek Euskal Herriko kostaldeko duna sistema handiena osatzen dute, baina Arkamurkarentzat ez da ekosistema naturala: «Goiko pasabideak eta golfaren segurtasun-hesiak erabat baldintzatu du duna horren izaera eta forma. Egitura zurrun horiek gabe, dunak ez luke mendebaldean erakusten zuen malda hain handirik, askoz ere leunagoa luke aurrekalde osoan, eta atzean forma gorabeheratsuagoa erakutsiko luke». Gogoratu dute «absurdoa» dela itsasoak ingurune naturalak «baldintza naturalak errespetatu gabe» berreskuratzea: «Hiru bat hamarkada pasa ditugu aste gutxitan itsasoak eraman duen ekosistema zaintzen». Pixkanaka, bertako landare populazioak hazten eta egonkortzen joan dira, eta horrek «esperantza eta poz handia» eman du, baina autokritika ere hor dago: «Harro esaten genuen hor genituela hainbat espezie endemiko, gure kostaldean beste inon aurki ezin direnak. Bistakoa denez, behar ez bezala genituen. Gotortuta eta tokatzen ez zitzaien azaleran pilatuta. Itsasoak argi erakutsi digu zeinen inozoak garen, zeinen ezjakinak».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide