Nerea Amilibia, korrikalaria: "Neu oso gustura ibiltzen naiz lokatzetan korrika"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko martxoaren 5a

Mendi lasterketa denboraldia abiatu zuen igandean Nerea Amilibiak (Aia, 1971) etxean, eta bigarren postuan sailkatu zen. Lasterketan zehar izandako sentipenak izan ditu hizpide aiarrak. Zer moduz joan zen igandeko lasterketa? Oso gustura ibili nintzen. Lasterketa erraza da, eta motza gainera, denboraldiari hasiera emateko primerakoa. Lehen lasterketa nuen Aiakoa, eta sentipen ona izan nuen uneoro; egia da aurreko hilabeteetan ez naizela geldirik egon, krosetan parte hartu baitut, baina mendia desberdina da, eta hasieran martxa hartu arte motel antzematen dut neure burua. Hala ere horrek ez nau kezkatzen, azaroa aldera arte forma hartzeko denbora nahikoa izango baitut. Lokaztuta zegoen bidea. Oztopo handia al da hori? Neu oso gustura ibiltzen naiz lokatzetan korrika. Nahiko arriskutsua izaten da eta erortzekotan ere izan nintzen, baina mendian behera nahiko ondo defendatzen naiz, eta ez nuen minik hartu eta osorik amaitu nuen. Goitik beherako partea al da zailena? Bai. Jende askori beldurra ematen dio mendian behera korrika abiadan joateak. Nik urte askotako esperientzia dut, eta beldur hori aspaldi gainditu nuen. Aiako Mendi Lasterketak zenbait aldapa nahiko malkartsuak ditu, eta mendian behera jaisterakoan kontuz ibili behar izaten da. Proba hau egokia al da mendi lasterketetan hasten ari direnentzat? Distantzia polita du Aiako Mendi Lasterketak, eta baldintza normaletan hasiberrientzat lasterketa egokia dela iruditzen zait. Dena dela, igandean lurra oso lokaztuta zegoen, eta nik hasiberri bati ez nioke aholkatuko egoera horretan parte hartzerik, agian animoa jaitsiko baitio. Negu partean zaila izaten da ibilbideak egoera onean aurkitzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide