Aiako Mendi Lasterketak izan duen harrerarekin gustura dira arduradunak

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko martxoaren 6a

Aiako Mendi Lasterketa. Mendi lasterketako antolatzaileak oso gustura daude Aiako III. Mendi Lasterketak izan duen harrerarekin. Hala, aurreratu dute datorren urtean 4. saioa antolatzeko gogotsu direla. Denera 150 korrikalarik eman zuten izena pasa den igandean jokatu zen proban, eta horietatik 134k lortu zuten hamar kilometroko ibilbidea osatzea. «Aurreko egunetan egin zuen eguraldia zela-eta zenbait ez ziren azaldu, eta beste batzuk erretiratu egin ziren», azaldu du Juan Mari Aldai lasterketako antolatzaileak. Izan ere, lokatzak zaildu egin zuen ibilbidea: «Asteburuan eguraldi euritsua egin zuen. Igande goizean eguraldia lagun izan genuen, eta goizean zehar ez zuen euririk egin. Hala ere, aitortu behar dugu ibilbidea nahikoa lokaztuta zegoela, eta zenbait parte-hartzailerentzat deserosoa izan zen», gaineratu du. Abderrahim El Qayed tolosarrak eta Aitziber Ibarbia zizurkildarrak irabazi zuten mendi lasterketa. Aiarrei dagokionez,berriz, gizonezkoen artean bizkorrena Mikel Iruretagoiena izan zen eta, emakumezkoetan, berriz, Nerea Amilibia izan zen aiarrik azkarrena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide