IRITZIA: 'Kultur kolokoia'

Urola Kostako Hitza 2014ko martxoaren 6a

IRITZIA. Bostekoa: Ainhoa Alberdi. Pasa den asteburuan, Inauteriak zirela eta, makina bat kolokoi harrapatuko zuen jendeak. Nik ere harrapatu dut kolokoia, baina kultur kolokoia izan da oraingoan, dudarik gabe. Badirudi kulturak ere batzuetan betetzen duela gure arimaren zatiren bat. Antzezleak, idazleak eta orokorrean artistak, askotan xamanak bihurtzen zaizkigu, gizateriaren zaborra harribitxi bihurtu eta ikusle edo entzulegoari bueltatzen digute, gure barrenean ere emozio, sentsazio eta sentipenen eraldaketa bapatekoa eraginez. Asteazkenean hasi zen nire bidaia. Donostiako Bukowski tabernan, EDO argitaletxeak Harkaitz Canoren azken liburua aurkezten zuela eta, antzerki ekintza xume bat burutzera hurbildu ginen, lau aktore lagun. Egin genuen egin beharrekoa modu apalean, baina plazera izan zena Harkaitz bera hizketan entzutea izan zen. Txalorik ez arren liburua aurkeztu zuen. Hitzak maisuki erabiltzen ditu, eta bere idazle intelektual xarmangarriaren papera zoragarria da, dotorea, batik bat iruditzen zaidalako bera oso kontziente dela egiten duenaz eta erabili egiten duela.Txaloei buruz hitz egin zuen, txaloak zer ematen dion artistari, zer kendu, zer ematen dion publikoari... Ikuskizun baten ondoren, txalo egitea erosoagoa dela ez egitea baino eta, ondorioz, jende guztiak txalo egiten duela, gogorik gabe bada ere... «Igeltsero batek,adibidez, txaloak espero al ditu igeltsu xaflak bata besteari josita,loturak batere bistaratu gabe,mirakulu bat balitz bezala,sabaia osatzen duenean?...» «Ez al litzateke, ordea, askotan duinagoa aktoreek azken agurrari uko egitea? Agurrik eta lorerik ez jasotzea?»... Horrelakoak entzun genituen, eta Canoren azken liburu zoragarri horretan ere horrelakoak irakurri daitezke. Nire gogoeta, ni antzezlea izaki: ez ote gara antzezle asko gure egoak puzteko behar duen txalo horren menpeko une askotan? Hori hutsala dela konturatzen garenean, ez ote ditugu kristoren lanak gure benetako balioa ikusten, kanpoko txalo eta laudorioetatik at? Eta heziketa orokorrean ere, haurrei txalo eta oso ondo-ekin beraien autoestimua puzten diegunean, ez ote dugu egoa puzten eta ez ote diogu haur horri bere benetako barne balioarekin topa dadin galarazten? Osteguna, otsailak 27. Arratsaldeko 20:30ak Gasteizko Hegoalde gizarte etxean. Lagun batzuren estreinaldia ikustera hurbildu nintzen. Madrigueras izeneko lana aurkezten zuen Pez Limbo talde gasteiztarrak. Giza ugaztunei buruzko lana da, denetarako prest daude; sumendi baten erupzioa, literaturaren debekua, edo Andre Mariaren agerpen bat... badakite begiratzen geniela eta publikoari irribarre egiten diote, egokitzeko ahalmen harrigarrietako batzuk erakusten dituzten bitartean. Etxeko heroiak dira, batzutan superbotereak eta bestetan ahuleziak dituztenak. Gizateriaren absurdoaren aurrean ikuslegoak ez daki barre egin edo zer egin... Nik barre asko egin nuen. Gizakia animalia kuriosoa da inondik ere. Puntako egoeretan, are gehiago. Nik uste dut barre gehiago egin beharko genukela gutaz, bizitzaz...gauzak beste modu batera ikusiko genituzke. Larunbata , martxoak 1. Donostia. Victoria Eugenia. La Zaranda talde andaluziarraren El regimen del Pienso antzezlana. «Pienzo, pienzo, pienzo, pienzo...» esanez hasten dute antzezlana. Zerriei pentsua ematen ez zaienean, elkar akabatzen omen dute, eta pentsu asko ematen zaienean, beraiek bakarrik lehertuta akabatzen omen dira. Patu grisok gureak izan litezke... Izaki baten balioa izaki horrek eman dezakeen errendimenduarekin berdintzen da. Harik eta bere funtzio hutsera mugatuta geratu arte. Gizakia produkzio-mekanismo huts pentsaturik, ekonomia osasuntsuaren printzipioetara doiturik, errendimendua mantentze-gastuen azpitik dabilenean, karga eramanezin izatera pasatzen da bat; hortik aurrera, ez du merezi konpontzea, eta guztiz logikoa da hura baztertzea. Gizakiaren eta gizateriaren miseria handienak maisuki erakusten dituzte, agertokian mugitzen dira esfortzurik egingo ez balute bezala 50 urtetik gorako lau gizon. Beraien hizketa modua soila eta naturala da, andaluziarrez egiten dute eta egoerak agertzen duen tragikotasuna ikusirik ere irrifar bat eta barre algara txikiak sortzen dituzte ikuslegoaren barnean. Xamanak dudarik gabe hauek ere. Tartean antzerkilari ezagun ugari elkartu ginenez, mozorro txikiren bat jantzi eta parrandatxoa ere bota genuen ia goizaldera arte Gipuzkoako hiriburuan. Azkenik, igandea martxoak 2. Arratsaldeko 18:30ak, Torre Luzeako erakusketa aretoa. Ainara Lasaren FALTA  (ez) diren gauzak erakusketa. Bere bizitzaren bidaiaren zatiak kontatzen ditu argazkien bidez. Argazkiak zulatuta daude, falta dena adieraziz. Zuloak hari koloretsuz betetzen ditu, batzuetan falta diren gauza horiek ere gure bizitza osatzen dutela adieraziz, eta gu geu falta diren gauza horiei esker ere bagarela. Argazki bakoitzaren ondoan, idatzi bat. Ederrak argazkiak, ederrak kolorez estaliriko zuloak, ederrak idatziak... “...eta itsasoa urdin beltzez                            janzten den egunetan topatzen zaituztet beti dut armairuan jaka urdin                                                              beltz bat ez da orduko bera baina zer axola dio trasteleku bat eta irudimena utzi zenizkidaten.” (Ainara Lasa) Milaesker guztioi bihotzez. Plazer bat izan da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide