Aurrekontuek krisiari aurre egiteko neurriak jaso behar ditu EAJren ustez. «EAJtik beti aldarrikatu ditugu aurrekontu sozialak eta herriko jarduera ekonomikoa suspertzen lagunduko dutenak. Horretara bideratu ditugu gure emendakinak eta ahaleginak. Behar handiena dutenei laguntza eskaini behar diegu, zarauztar guztien bizi kalitatea hobetuko duten inbertsioak alde batera utzi gabe», nabarmendu du Imanol Lasak. Haren esanetan, enplegua eta ekonomia sustatzera bideratu behar dira aurtengo diru partidak, eta baita funts soziala eratzera ere. Halaber, eskatu du gastu soziala indartzeko, «gizarte larrialdietarako laguntzetarako aurreikusitako kopurua handituz».
Inbertsioen kapitulua ere aipatu du, eta esan du «garrantzi berezia» eman behar zaiola denboraleek utzitako kalteei aurre egiteko diru atalak, Madriletik eskainitako laguntzak osatze aldera. «Etorkizunean mota honetako fenomenoen aurrean neurriak hartu behar ditugu, kalteak gutxitzeko, malekoian bereziki. Babeserako obrak behar dira». Obra eta urbanizazio ekintzei dagokionez, Nafarroa kaleko biribilgunea egitea ez dela lehentasuna berretsi du. Zentzu horretan, «diru partida garrantzitsuak» bestelako beharrak asetzeko izan beharko luketela adierazi du.
EAJrentzat, esaterako, «premiazkoa» da udalak Salberdin eremuan babestutako etxebizitzen egitasmoa ez geldiaraztea, eta horretarako eskatu du Zarautz Lurren birpartzelazio proiektua aurten erredaktatu ahal izateko diru atala bideratzeko. Era berean, horren ustez «atzeraezina» da asfaltatze eta espaloien konponketa lanetarako egitasmoa martxan jartzea, Nafarroa kaletik hasita, «tramo batzuk egoera kaskarrean baitaude». Halaber, haur parke estalia, Astiko kirol gunea hobetzea edota Ebro Etxeako sarrera egokitzea «ezinbestekoa» dela dio.
Pasabidea eta jolastokia
Epe luzerako proiektuak ere aipatu ditu, Santa Klaran trenbidearen azpiko pasabidea eta Lizardi institutuko jolastokia estaltzea, kasu. Hori Eusko Jaurlaritzaren baitan dagoela gogoratu du, eta borondatea eskatu. «Indarrak batzeko» unea dela esan du, «alderdi eta erakundeen arteko elkarlana, elkarrizketa eta negoziazioa». Lasak iragarri du jarrera eraikitzailea izango dutela aurrekontuen eztabaidan. Bihar egingo dute ez ohiko plenoa, 20:00etan.